Haurreskolak Partzuergoaren urteko Batzar Orokorra dela eta zerbitzu hezitzailearen doakotasun osoa aldarrikatu du berriz ere EH Bilduk. EH Bilduk ohar bidez adierazi duenez, “Partzuergoan, azken urteetan gertatu bezala, ez da ezer aldatu. Haurreskolak osatzen dugun komunitateak behin eta berriz egin ditugu Partzuergoa eraldatu eta erronka berriei egokitzeko proposamenak eta ez da inongo aldaketarik egon”.
EH Bilduren hitzetan, Partzuergoaren parte hartzea erabat mugatua da eta udalerrien bozka kopurua guztiz mugatu da. Zentzu horretan, Partzuergoaren Batzarra loteslea izatea eta parte hartzea zabaltzea proposatu du indar subiranistak.
Honetaz gain, koalizioaren iritziz, “Haurreskolen aurrekontua handitu beharra dago, norabide horretan soilik lortuko baita Haurreskolak aurrera begirako erronkei begira jartzea, duten kalitatea handitzea eta baita ospe ona handitzen jarraitzea”, adierazi du EH Bilduk LAB sindikatuarekin lortutako azken akordioa lehentasunez bete dadin exijitu ostean.
Azkenik, EH Bilduren izenean adierazitakoaren arabera, “Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako Legez Besteko Proposamena berehala betetzea eskatzen dugu. Horrela, 18.000€tik beherako diru sarrera duten familiek Partzuergoko Haurreskolak doan izan ditzaten errealitate bilakatu behar da.” Gainera, inlusioa eta aukera berdintasunaren norabidean, EH Bildun, 0-3 ziklo osoaren inguruko zein Haurreskolak Partzuergoaren gaineko eraldaketa sakona behar dela adierazi dute. Hala nola, egungo zein etorkizuneko euskal jendartearen beharrei egokituko den eredu berritzaile baten alde egin du ezkerreko koalizioak.
Aurreko guztiarengatik, EH Bilduko ordezkariek gaur egingo den Batzar Nagusira ez joatea eta planto egitea erabaki dute.