Espainiako Sustapen Ministerioak gaur argitara eman duen txostenaren arabera, Abiadura Handiko Trena (AHT) Gasteizen sartzearen kostea 872 milioi eurokoa izango da, iragana urtarrilean esandakoa (724 milioi) baino askoz gehiago. Hori dela eta, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak proiektuaren garestitze etengabea salatu du –hasieran 400 milioi aurreikusten ziren– eta kritikatu du diru publikoa beharrezkoa ez den horrelako proiektu batean gastatzea, askoz kontu garrantzitsu eta premiazkoetan inbertitu beharrean. “EAEn inauguratu den azken ospitaleak, Eibarkoak, 27 milioiko kostua izan zuen; hortaz, 32 ospitale eraiki litezke AHT Gasteizen sartzeak kostatuko zaigunarekin. Ordua da esateko zer nahiago dugun, Madrilera ordubete lehenago iristea edo gur dirua ospitaleetan, hezkuntzan eta abarretan inbertitzea”.
AHT eraikitzeko proiektuaren atzeratze etengabea ere salatu du Oterok, eta ohartarazi du instituzioak milioiak gastatzen ari direla hormigoian 15-20 urtetan inolako erabilera izan ez dezaten. “Biaduktu batzuk 2010erako bukatuta zeuden jada eta, diotenez, AHT 2025-2030ean martxan jartzen bada, azpiegitura horiek 15-20 urtetan alferrik eginda egongo dira eta euren bizitza 15-20 urtetan behera etorriko da AHT martxan dagoenean. Sekulako iruzurra da”.