Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren autokonplazentziazko diskurtsoaren gainetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berotegi efektuko gasen isuria jaitsi beharrean, igo egin da, jakinarazi du Mikel Oterok Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, 2017an, datu ofizialak ezagutzen diren azken urtean, (http://es.eustat.eus/elementos/ele0009000/Evolucion_de_las_emisiones_totales_de_gases_de_efecto_invernadero_por_pais_CA_de_Euskadi_Ano_base_Kioto/tbl0009060_c.html) CO2 isuria %5,5 igo zen, 2016ko datuekin alderatuta, azken 15 urteotan izandako eboluziorik okerrena, hain zuzen. Zehazki, berotegi efektuko gasen isuria 2016koa baino milioi bat tona altuagoa izan zen eta, guztira, 20 milioitik gora jarri zen, 2012az geroztik gertatzen ez zen zerbait. “Bost urte atzera egin dugu”, ondorioztatu du Oterok, eta datu horiek ezkutatzen saiatzea egotzi dio Arriola sailburuari.
Oterok adierazi duenez, klima aldaketaren arloan erreferentzia den 1990. urteaz geroztik Europak CO2 isuriak %25 murriztu ditu, baina EAEn murrizketa %6,2koa baino ez da izan. Horren haritik, erantsi du, Jaurlaritzak propaganda egin arren, datu objektiboek “erakusten dute Europan atzean gaudela, azken postuetan, ez garela inondik inora aitzindariak”. Beraz, “Lakuak arlo horretan egin dituen politika eta planek emaitza txarrak izan badituzte, bistakoa da diseinua ez zela egokia, eta orain lantzen ari den Klima Aldaketaren Legea plan eta politika berberetan oinarritzen badu, porrota ziurtaturik dago”.
Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Ingurumen sailburuak Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuan 2030 eta 2050erako ezarri dituen helburuak oso urrun geratzen direla Europak jarri dituenetatik, iragan martxoan Legebiltzarrean bertan Euskal Energia Ituna egiteko EH Bildurekin hitzartu zirenetatik eta, baita ere, Arriolaren beraren alderdiaren Gobernuak Madrilen Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Lege Aurreproiektuan jaso dituenetatik.