EH Bilduk Euskaltelen akzioen %15 erosteko operazioa bultzatzeko eskatu dio Lakuari enpresaren erabakigunea berreskuratzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2019ko eka. 12a, 00:20

Iker Casanovak lapurretatzat jo du Zegona inbertsio funtsak Euskaltelen kontrola eskuratu izana, eta ohartarazi du hemendik aurrera enpresaren etorkizuna Londresen, Zegonaren egoitzan, erabakiko dela, euskal gizartearen interesak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartu gabe.

 

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du gaur Euskaltelen egoitzak eta erabakiguneek Euskal Herrian jarraitzea eta, hori hala izango dela bermatu ahal izateko, Jaurlaritzari eskatu dio telekomunikazio konpainiaren akzioen %15 (%5 lehenengo fase batean eta %10 gehiago ondoren) erosteko operazio bat bultza dezala Kutxabank eta Vital, BBK eta Kutxa fundazioekin batera. Iker Casanovak azaldu duenez, modu horretan ziurtatuko litzateke jabegoaren %25 baino gehiago euskal eskuetan egongo dela (Kutxabankek %19’88 du egun), eta horrek ezinezko egingo luke enpresaren egoitza eta erabakiguneak kanpora ateratzea, horrelako erabakiak hartu ahal izateko gutxienez akzioen %75aren oniritzia behar delako. “Hori egin daiteke eta egin behar da”, dio Casanovak; “bestela, Euskaltel iraganeko gauza bat izango da eta etorkizunean Virgin Spain edukiko dugu”. Izan ere, Lakuak behin eta berriz kontrakoa esan arren, gaur Euskaltelen errotzea arriskuan dago, ekonomikoki operazioa interesgarritzat jo izanez gero, Kutxabank ez beste jabe guztiek bat egin lezaketelako enpresaren egoitza eta erabakiguneak Euskal Herritik ateratzeko.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Euskaltelen gaineko kontrola Zegonari eman dion operazio eta prozesua lapurreta izan da, Euskaltel diru publikoarekin sortu zelako 1995ean herri gisa estrategikoak ziren helburu batzuk lortzeko eta orain, aldiz, inbertsio funts britainiar baten eskuetara pasatu delako. Horren haritik, Casanovak ohartarazi du hemendik aurrera Euskaltelen etorkizuna Zegonaren egoitzan, Londresen, erabakiko dela, egoitza formalki hemen eduki arren, eta erabaki horiek irizpide soilik ekonomikoei jarraituz hartuko direla, euskal herritarren interesak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartu gabe. Hori dela eta, berretsi du ezinbestekoa dela euskal instituzioek Euskaltelen kontrola berreskuratzea, XXI. mendean telekomunikazioen sektorea estrategikoa delako edozein herrirentzat.
Euskaltelen gertatu denaren arduradunak zein izan diren ere zehaztu du Casanovak. Lehenik eta behin, Patxi Lopez lehendakari ohia aipatu du, bere garaian zuntz optikoaren sarea pribatizatu zuelako; bigarrenik, Iñigo Urkullu, bere gobernuak segida eman diolako prozesuari eta urrats guztiak babestu dituelako, Euskaltelen kontrola Zegonari emateraino; hirugarrenik, Kutxabankeko presidentea, bankuak enpresan zeuzkan akzio gehienak saldu dituelako azken urteotan; eta laugarrenik, Euskaltelen beraren presidentea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak