Zugana, zuengana, zuzentzen gara bihotz-bihotzez eskerrak emateko premia, gogoa eta bulkada sentitzen baititugu geure barruetan. Ez ditugu izenak aipatuko izanek betetzen baitute zuetariko bakoitzaren bertutea. Pertsona eskuzabalak, langile finak, ezkutuko lan txikietan trebeak, ekarpen eraikitzaileak egiten arituak, Harittu prozesuan inplikatuak, bileretara irribarreaz etorri zaretenak, ekimen ezberdinetan lanerako gertu agertu zaretenak, asto lanetan, sukaldeko lanetan, jostun lanetan eta ia ikusezinak diren lanetan aritu izan zaretenak, prozesuak prozesu eta ikaskuntza eran bizitzen dituzuenak, herrigintza prozesuak bizigarri egiten dituzuenak, ingurukoa samurtzen, zaintzen eta goxatzen dakizuenak.
Zuen ahalmenen arabera zuen onena eman duzuen norbanako zein talde horiengana guztiengana zuzentzen gara. Beharbada, hitzez edo keinu txiki baten bidez gure esker ona agertu izan dizuegu. Baina, baliteke keinu txiki hori ia aprezia ezina izatea. Udazkenean zuk jaso aurretik haizeak eraman izana. Edo neguko gau hotz hartan, bilera ostean, izoztuta gelditu izana.
Beraz, uda eta aro politiko berria ate joka daukagun honetan, berriro, zugana, zuengana, zuzentzen gara. Begiak itxi eta irudika gaitzazu zure alboan. Begiak zabaldu eta ikusiko duzu bertan jarraitzen dugula. Eskutik elkarrekin segi nahi dugula. Gu zuri begietara begira gauzkazula. Zintzo, garden, eta. aldi berean, goxo begira gauzkazula, eta esan nahiko genizukeen hori esaten ari garela. Eskerrik asko zure modura gure alboan egon eta emandako laguntzagatik.
Batzuetan zaila den arren, eta oraindik ikasten ari garen arren, guk zu ere zaindu nahi zaitugu, zuk gu zaintzen gaituzun bezala. Benetan sinesten dugu pertsonak erdigunean jarri behar direla. Garela. Gu ez ginateke Gu zu barik. Beraz, mila esker zuri. Mila esker zuei. Asteleheneko ajeak guri beste indar eta ilusio ekarri izana espero dugu. Mila esker eta zorionak denoi.