Iker Casanovak enpresen deslokalizazioa eragoztea helburu zeukan lege proposamen bat defendatu du gaur Legebiltzarrean, baina EAJ, PSE eta PPk bat egin eta atzera bota dute. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “funtsean enplegua babestu eta enpresek lurraldearekiko izan behar duten erantzukizuna eta konpromisoa indartu nahi genituen eta, horretarako, gure proposamenak hainbat neurri jasotzen zituen deslokalizazioen mehatxuari aurre egiteko”. Besteak beste, legea onartuz gero, deslokalizazio kasuetan enpresek azken 10 urteetan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko zituzten. “Hala, enpresek bi aldiz pentsatuko lukete euren produkzioa kanpora eraman aurretik. Gu ados gaude enpresei laguntzearekin, baina ez diegu diru publikoa oparitu nahi, dirua hartu ostean alde egiten badute euren jarduera modu iraunkorrean garatu gabe”.
Casanovak gogora ekarri du Bizkaian antzeko arau bat indarrean dagoela 2007az geroztik eta, horri esker, bertako Aldundiak Siban enpresaren deslokalizazioa neutralizatzea lortu zuen. Hortaz, “onuragarria izango zen formula hori orokortzea eta Araba eta Gipuzkoara ere hedatzea; hori da azken batean proposatzen ari ginena, baina EAJ eta PSE Bizkaian onartu zutenaren kontra agertu dira gaur Legebiltzarrean; kontraesana bistakoa da”.
Gobernukideek argudiatu dute EH Bilduk proposatutako legea onartuz gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez liratekeela lehiakorrak izango Europako testuinguru ekonomikoan, baina argudioa desmuntatu die Casanovak. Batetik, Bizkaiak ez duelako lehiakortasuna galdu 2007an onartu zuen arauarekin; bestetik, laguntza publikoak jasotzeko enpresei baldintzak jartzea ez doalako lehiakortasunaren aurka, eskubideetan oinarritutako eredu produktibo baten alde baizik.