Hezkuntza Sailak bizkarra eman die berriro ere familiei eta datorren ikasturtean Haur Hezkuntzako 1. zikloko ikasleak, 2 urtekoak, eskola garraio zerbitzurik gabe uzteko asmoa du, ikastetxe publikoei helarazi dien informazioaren arabera. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Jaurlaritzak arazoa konpontzeko eta bi urteko umeei ere eskola garraioa erabiltzeko eskubidea bermatzeko konpromisoa hartu zuen iragan abenduan, Legebiltzarrak –EH Bilduren ekimenez eta EAJ-PSEk kontrako boza emanda– hala eskatu ostean; hala ere, Hezkuntza Sailak ez du hitza bete, ez du eskola garraioa arautzen dekretua aldatu eta bi urteko ikasleek berez ez dutela garraio zerbitzua erabiltzeko eskubiderik jakinarazi die ikastetxeei”.
Uberak Jaurlaritzaren jokabidea salatu du, “etengabe haren erantzukizunei ihes egiten dielako, eta hor beti ateratzen dira galtzaile ikasleak, familiak eta, oro har, hezkuntza-komunitate osoa”. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “onartezina da 2 urteko ikasleak garraio zerbitzurik gabe uztea, horrek sekulako arazoak sortuko dizkielako familia askori, batik bat landa-eremuan bizi direnei, modu horretan kontziliazioa ezinezko izango dutelako kasu askotan”. Hori dela eta, Uberak eskola garraioari buruzko dekretua behingoz aldatzeko eta Haur Hezkuntzako 1. zikloko ikasle guzti-guztiei zerbitzu hori erabiltzeko aukera bermatzeko exijituko dio berriz ere Hezkuntza Sailari.
Halaber, erantsi du Uberak, Lakuak, gainerako administrazioekin elkarlanean, garraio zerbitzua bermatu behar die landa-eremuan bizi diren 16 urtetik 18 urtera bitarteko ikasleei.