Harittu prozesua martxan jarri genuenetik urte bat igaro den honetan, prozesu honen balantzea egin eta fase honen itxiera iragartzeko deitu zaituztegu gaurkoan. Urte intentsua izan da, lan askokoa, baina hastapenetan markatu genituen helburuak betetzat ematen ditugu eta datozen erronkei aurre egiteko prest ikusten dugu gure burua. Denbora honetako ahaleginak eman ditu bere fruituak eta gaur, duela urtebete baino indartsuago eta prestatuago gaude aurrean daukagunari erantzuteko.
Batetik, Oñatiko EH Bilduren komunitate politikoa hedatu eta saretzeari begira pauso garrantzitsuak eman ditugu. Hamaika izan dira hilabete hauetan burutu ditugun hausnarketak, solasaldiak eta ekimenak, eta hauetako bakoitza oso baliagarria izan zaigu jende berriaren ekarpenak jaso, hauekin gure ikuspuntuak partekatu eta elkarrengatik ikasteko. Parte hartzearen kulturan aurrerapauso nabarmenak eman ditugu. Gure sarea atzo baino zabalagoa da gaur egun, eta gure proiektu politikoarekin bat egiten duten pertsonekin dauzkagun komunikazio kanalak eraginkorragoak dira.
Bestalde, Oñatirentzat herri proiektu estrategiko bat marraztea zen Harittu prozesuari egozten genion beste helburua, eta horri ere erantzun diogu. Egungo egoeraren analisitik abiatuz, arlo bakoitzean lanean diharduten eragile eta norbanakoekin gogoeta kolektibo bat abiatu genuen gure herriak une honetan dituen behar eta erronkei erantzungo dien ekintza plan bat diseinatu ahal izateko. Zentzu horretan ere gogotik egin dugu lan, eta gaur, hemen, datozen urteetan EH Bilduren jardun politikoaren iparra izango dena zehaztuta daukagula esan dezakegu. Horretaz gain, instituzioetan ekintza plan hori gauzatuko duen lan-taldea ere osatu dugu, eskarmentuzko herritar anitzez osaturiko zerrenda bat eratuz.
Puntu honetara iritsita, beraz, amaitutzat ematen dugu Harittu prozesua. Aktibatu eta saretu dugu gure komunitatea, zehaztu dugu datozen urteetarako gure ekintza plana, eta osatu dugu ekintza plan hori instituzioetatik bideratzeaz arduratuko den lan-taldea. Orain, gure hurrengo erronkari heltzea dagokigu: aurrean dauzkagun hauteskundeak, alegia.
Igaro dira 8 urte Bilduk herri honetako aginte makila hartu zuenetik. Gure etorrerarekin batzuek hondamendia iragarri zuten arren, eguneroko lanarekin beste kudeaketa eredu bat posible dela erakutsi diegu herritarrei. Pertsona erdigunean jarriz, berdintasun printzipioan oinarriturik eta guztion beharrei erantzuten saiatuz, parametro aurrerakoietan kokatu dugu herrigintzan eginiko lana. Hori guztia, herritarren parte hartzearekin eta eztabaida kolektiboa sustatuz. Horixe delako politika ulertzeko dugun modua, eta horretan sakontzen jarraitu nahi dugu datozen urteotan.
Parean ditugun hauteskundeak erabakigarriak dira Oñatiko herriarentzat. Aldaketa egonkortzea da erronka, datozen urteetan ere norabide honetan sakontzen jarraitu ahal izateko. Urte hauetan metatutako esperientzia baliatuz eta egindako akatsetatik ikasiz, garbi daukagu EH Bildu dela herri honek aurrera egiteko alternatiba bakarra. Ilusioz beteriko taldea eratu dugu eta proiektu sendo bat dugu, eta orain herritarrengan gure planteamenduak sozializatzea eta azken urteetan eman diguten konfiantza sendotzea dagokigu.
Zeregin hauei heltzeko, deialdi bikoitz bat luzatu nahi diegu gure proiektuarekin identifikatuta sentitzen diren herritar guztiei. Datorren larunbatean, apirilak 6, 11:30ean Gaztelekuan burutuko dugun herri batzarrera gerturatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Bertako gai ordena honakoa izango da: hauteskunde zikloaren kokapena, herri programaren aurkezpena, zerrenden berrespena eta hauteskunde kanpainarako planteamendua. Ostean, 13:00etan, ekitaldi politiko jendetsu bat egingo dugu Bogako plazatxoan edo Gaztelekuan (eguraldiaren arabera), eta herritar guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Orain arteko ibilbidea oparoa izan da. Konbentziturik gaude gure lanak herria eraldatzeko balio izan duela, beste balore batzuen arabera lan egiteko eta Oñatiko herritarrak politikara gerturatzeko. Etorkizunean ere hala izatea nahi dugu, eta motibazioz beterik gaude duela 8 urte hasitako bideari jarraipena emateko. Baina horretarako guztion beharra dugu, eta gaurko agerraldia oñatiar guztiei proiektu honetan paper aktibo bat jokatzera gonbidatzeko baliatu nahi dugu. Larunbatean ikusiko dugu elkar!