Auzitegi Nazionalak, salbuezpenezko epaitegiak, beste behin ere agerian utzi du jatorritik duen funtzio errepresiboa Altsasuko 8 gazteen kontra egindako sententziaren berrespenarekin. Azkenean terrorismo deliturik ez dela egon adierazi arren, ideologia diskriminazio larrigarria ezarri du epaitegiak; horrela, berriz ere argi geratzen delarik Auzitegi Nazionalaren kutsu eta helburu politikoa. Mendeku gosea erakusten dute epaiak eta auziak izan duen ibilbide osoak.
EH Bilduk hasieratik salatu du gertaera hauek jaso duten trataera juridiko eta mediatiko neurrigabea; desproportzionaltasun hori salatu nahi dugu berriz bai eta epaiketa natural baterako eskubidea ukatu izana ere.
Hilabete hauetan Altsasuko gazteen senide eta lagunek bai eta Altsasuko herri osoak ere erakutsi duten duintasuna eredugarria da; mendeku politika, muntai polizialak eta jazarpen mediatiko kanpainak onartzen ez dituen herria direla argi utzi dute.
Horrela, EH Bildutik Altsasuko gazteei eta beren senitartekoei elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu beste behin, eta gazteen askatasuna eskatzen dugu. Zentzu horretan, aurreko mobilizazioetan kalera irtendako herritar guztiei dei egiten diegu datorren martxoaren 24an, igandearekin, Altsasun izanen den manifestazioan parte hartzera. Neurrigabeko sententzia honen aurrean mobilizatzen jarraitzeko, justizia lortu arte.