“Beranduegi iritsi bada ere”, EH Bilduk ontzat eman du Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan gertaturiko irregulartasunek “ardura politikoak garbitzea” eskatzen zuelakoan. Rebeka Uberaren ustez, “Darponek ezinbestean utzi behar zuen kargua, azken batean bera izan delako iruzur erraldoi baten erantzule politiko nagusia, eta baita ere derrigorrezkoa delako gizarteari mezu argi bat helaraztea, alegia, praktika ustelak onartezinak direla eta ondorioak dituztela”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du, hala ere, Osakidetzan arazoa ez dela pertsona bakar bat. “Arazoa askoz sakonagoa da, egiturazkoa, eta, beraz, Darponen dimisioa, derrigorrezkoa izanda ere, ez du bere horretan ezer konponduko. Pertsonal arloko politika eredua da ezinbestean aldatu behar dena, eta Darponen tokia hartuko duen hurrengo sailburuak izango duen eginkizun nagusia eta premiazkoa horri heltzea izango da. Talde parlamentarioekin batera, Osasun Sailak Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aldatzeari ekin behar dio Lan Eskaintza Publikoan gertatu dena berriz ere ez gertatzeko, gardentasuna, objektibotasuna eta oposiziogile guztien aukera berdintasuna bermatzeko. Hori egin ezean, Darponen dimisioak ez du ezertarako balio izango”.