Legebiltzarrak bide eman dio EH Bilduren lege proposamenari indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua ukatzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2019ko ots. 7a, 22:28

Jone Goirizelaiak azaldu duenez, helburua indarkeria matxista kasuetan biktimen eta adingabeen babesa bermatzea da. 2015eko legea aldatu nahi du erasotzaileei zaintza partekatua eta bisita eskubidea ukatzeko.

 

Legebiltzarrak tramitera onartu du gaur, aho batez, EH Bilduren lege proposamena eta bide eman dio, beraz, gurasoen banantze edo haustura kasuetan zaintza partekatua arautzen duen 2015eko legea aldatzeari, Jone Goirizelaiak proposatu bezala. Azaldu duenez, biktimen eta adingabeen babesa bermatzea helburu, 2015eko legea aldatu behar da indarkeria matxista kasuetan erasotzaileei zaintza partekatua eta bisita eskubidea legez ukatzeko. Gaurko tramitearen ostean, Legebiltzarrak ponentzia osatu beharko du EH Bilduren proposamena eztabaidatzeko eta, horren ostean, legea onartzeko.

Goirizelaiak adierazi duenez, EH Bilduk proposatutako neurri horiek Europako hainbat herritan aplikatzen dira jada, baina ez da gauza bera gertatzen Estatu espainolean. Hori dela eta, erantsi du, “garrantzitsua litzateke Gasteizko Legebiltzarrak arlo horretan dituen eskumenak baliatzea eta lehena izatea Estatuan neurri horiek onartzen, indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatuko lukeelako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du 2015eko legea aldatzeko proposamena bat datorrela nazioarteko estandarren irizpideekin. Izan ere, “nazioartean hedaturik dagoen irizpidea oso argia da: familiaren testuinguruan gertatzen den indarkeria matxistaren aurrean ez dute balio erantzun isolatuek; erantzunak orokorra eta integrala izan behar du eta testuinguru horretan gerta daitezkeen egoera guztiei heldu behar die”. Horri jarraituz, Istanbulgo Protokoloak ere argi xedatzen du “egoera horretan emakumea ez ezik, adingabeak ere bereziki babestu behar direla, horrelakoetan haiek izaten direlako kaltetuenak, ondorioak eta sufrimendu gehien pairatzen dutenak”

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak