Transferentzien egutegiak agerian utzi du berriz Estatus Politiko Berria behar dugula, menpekotasunik gabe

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2019ko urt. 22a, 16:45

EH Bilduk frogatutzat jo du PSOEren Gobernuak ere ez duela inolako asmorik Gernikako Estatutua osorik betetzeko. Berdinen arteko harremana behar dugu Espainiarekin, gure eskumen eta eskubideak blindatzeko.

 

EH Bilduk aspaldi eskatu bezala, Gobernu espainolak transferentzien egutegia bidali dio gaur Jaurlaritzari, baina, Pello Urizarrek esan duenez, “gure susmo guztiak berretsi ditu”. Izan ere, Madrilek ez du espetxeen transferentzia lehentasunezkotzat hartu eta Gizarte Segurantzari dagokiona egutegitik kanpo utzi du zuzenean. Urizarren irudiko, “argi dago PPk ez ezik, PSOEk ere ez duela inolako asmorik Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta Gizarte Segurantzaren eskumena transferitzeko, nahiz eta PSEk Urkullurekin sinatu zuen gobernu akordioan hori lehentasunezkoa zela esaten zuen. Genekiena baieztatu dute: EAJ-PSE akordioaren balioa hutsaren hurrengoa da”.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “aferaren oinarrian Euskal Herria eta Espainiaren arteko harreman eredua, menpekotasunean oinarritzen dena, agertzen da, betiko moduan. Madrilen erabakitzen dute Estatutua, lege organiko bat, bete ala ez, eta gaur, azken 40 urteotan bezala, argi utzi dute berriro ez dutela bete nahi. Hemendik urtebetera ez dakit zenbat eskumen transferituko dituztela esatea adarra jotzea da, ez da sinesgarria. Batetik, historiak hala frogatzen duelako; bestetik, inork ezin duelako gaur ziurtatu urtebete barru Pedro Sanchezek presidente karguari eutsiko diola”.

Urizarren iritziz, transferentzien kudeaketa “onartezina da, hemen galtzen ateratzen garenok Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar guztiok garelako, gure ongizatea hobetzea ekarriko luketen tresnak ukatzen zaizkigulako”. Hori horrela, ondorioztatu du, “hemen irtenbide bakarra dago, Estatus Politiko Berriaren oinarrietan jaso genuena, hain justu: Estatus Berria behar dugu, berdinen arteko harremana, gure eskumen eta eskubide guztiak blindatu ahal izateko. Hori da modu bakarra euskal gizartearen ongizatea hobetzeko bidea gutxieneko bermeekin egiteko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak