EH Bilduk neurri zehatzak eskatu dizkio Osasun Sailari Osakidetzako Pertsonal arloko politika aldatzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko aza. 15a, 07:41

Lan Eskaintza Publikoan azaleratu diren irregulartasunek agerian utzi dute ezinbestekoa dela oposizioen eredua ez ezik, Giza Baliabideetako politika ere aldatzea. “Sailburuak ez digu arrazoi bat bera ere eman oposizioei buruzko ikerketa batzordea ez aktibatzeko”, ohartarazi du Rebeka Uberak.

 

EH Bilduk neurri zehatzak eskatu dizkio gaur Osasun Sailari Osakidetzan Pertsonal arloko politika aldatzeko, bertako Lan Eskaintza Publikoan azaleratu diren irregulartasunak berriz ere gerta ez daitezen. “Kasu honek eztanda egin zuenetik beti esan dugun bezala, auzian dagoena ez da oposizioen eredua soilik, Giza Baliabideetako politika osoa baizik”, azpimarratu du Rebeka Uberak, eta azaldu du EH Bilduk urtea amaitu aurretik Lan Eskaintza Publikoari buruzko ikerketa batzordearen aktibazioaz erabakiko duela Osasun Sailak gaurko eskariari ematen dion erantzunaren arabera. “Ikerketa batzorde hori sortzeko eskaria uztailean aurkeztu genuen ofizialki, eta denbora eman diogu hartu beharreko neurriak hartzeko, baina denbora agortzen ari da. Jon Darpon sailburuak ez digu arrazoi bat bera ere eman ikerketa batzordea ez aktibatzeko, baina azken aukera bat izan dezake egin beharrekoa behingoz egiteko, betiere argi izanda oposizioetan eta Pertsonal arloan eredua aldatu behar dela eta guk azken bururaino iristeko borondatea dugula”.

Izan ere, atzo bertan Legebiltzarrean Osasun Sailak aurkeztutako Rafael Jimenez katedratikoaren txostenean proposatutako neurriak EH Bilduk orain arte eskatutako norabidean doaz hein handi batean. Uberaren iritziz, txostenak berretsi du Osakidetzan Pertsonal arloko politika aldatzea dela gakoa; beraz, “gure balorazioa positiboa da, baina Osasun sailburuak ez zuen azaldu hemendik aurrera txosten horrek dioenari jarraituko dion ala ez”. Are gehiago, “Osakidetzak irregulartasunak argitu gabe eta ardura politikoak onartu gabe jarraitzen du, eta ezinbestekoa da irregulartasunak ikertu eta argitzea eta ardura politikoak garbitzea”.

Hori horrela, “neurri zehatzak jada hartzeko garaia da”, eta hala galdegingo dio EH Bilduk Osasun sailburuari. “Erantzunak berehalakoa izan behar du, nahiko denbora eman diogu jada”, ohartarazi du Uberak. Hartu beharreko neurriak honako hauek dira, azaldu duenez:

1. Osakidetzako zuzendaritza berritzea.

2. Osakidetzako Zerbitzu Zentralak berregituratzea.

3. Ikerketa txostena irekitzea Kardiologiako parametro berberak betetzen dituzten espezialitateetan.

4. Azterketak errepikatzea Angiologia, Kardiologia eta Anestesiaren parametro berberak betetzen dituzten espezialitateetan. Ez bakarrik hirutan.

5. Lan Eskaintza Publikoaren eredua aldatzea eta 2019ko lehen hiruhilekoan Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aztertzeko eta hobetzeko talde txostengilea abiatzea, besteak beste, ondorengo neurriak aztertuaz eta hartuaz:

5.1. Epaimahaien berregituraketa.

5.2. Test erako azterketa bakarra.

5.3. Segurtasun neurri osagarriak aplikatzea irregulartasunak ekiditeko.

5.4. Azterketak IVAPek egitea.

5.5. Plantilla estruktural eta funtzionala (erreala) ekiparatzera joatea.

5.6. Murriztea izendapen askeko izendapenak eta araudi berria egin.

5.7. Enpleguaren egonkortasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak