Penagarria da EAJ-PSE-PP hirukoak kontratazio publikoetan 1.200€ko soldatak bermatzeari uko egitea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 26a, 05:58
EH Bilduk proposatu du euskal administrazio publikoen kontratazioetan soldaten inguruko baldintza zehatzak exijitzea enpresei. Larraitz Ugartek azaldu du proposamena egingarria dela juridikoki eta borondate politikoa baino ez dela behar, baina EAJ, PSE eta PPk ezezkoa eman diote.

Euskal administrazio publikoek egiten dituzten kontratazio guztietan baldintza duinak bermatzeko proposamena egin du gaur EH Bilduk. Zehazki, proposatu du enpresei eskatzea EAEn edo lurraldeko arloan indarrean izandako azken hitzarmenetan xedatutako baldintzak eta 1.200 euroko gutxieneko soldatak berma ditzatela. Larraitz Ugartek gogora ekarri du EH Bilduk norabide horretan zihoazen neurriak hartu zituela Gipuzkoan Aldundia gobernatu zuen garaian eta han martxan daudela EAEko Auzitegi Nagusiaren zein Auzitegi Gorenaren onespenarekin. Horri jarraituz adierazi duenez, “Administrazioak, organo kontratatzaile bezala, horrelako baldintzak jar ditzake lizitazioetan, borondate politikoa baino ez da behar”. Hori horrela, “Administrazioak posible badu langileei 1.200 euroko soldatak bermatzea, zergatik ez du egingo?”. Galdera guztiz arrazoizkoa izanda ere, erantzuna ezezkoa izan da eta Legebiltzarrak ez du proposamena onartu, EAJ, PSE eta PPk atzera bota dutelako.

Ugartek azpimarratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Administrazioa enplegatzaile nagusia dela, lana ematen baitie 50.000 pertsona ingururi kontratazio publikoen bidez. Enplegu horren kalitatea, ordea, ez dago beti bermaturik, orokortzen ari den azpikontratazio politikaren bidez enpresek kostuak murriztera jotzen dutelako “langileen lepotik”, askotan hemendik kanpoko lan hitzarmenak, euskal errealitate sozial eta ekonomikoarekin zerikusirik ez dutenak, aplikatuta. “Horren aurrean Administrazioak bi aukera ditu: bestaldera begiratzea ala ekimena hartzea langile horien guztien baldintzak hobetzeko, Administrazioak betebehar etikoa duelako haiekiko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak