EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Legez Besteko Proposamen bat onartu du gaur ikasle guztiek eskola-garraioa izan dezaten. Ekimena aurrera atera da EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin. Bertan eskatzen da eskola garraioaren egoerari buruzko azterketa bat, indarrean dagoen dekretua egokitze aldera eta ikasleen beharrizanak konpontzeko. Araudia egokitzen den bitartean, Haur Hezkuntzako 1. zikloko ikasleentzat behin behineko neurriak hartzea eskatzen zaio Jaurlaritzari, “eskola garraio premiei erantzuteko” ikasturte honetan, “segurtasun baldintza onenetan” eta landa-eremuan bizi diren ikasleak ere kontuan hartuz.
Rebeka Uberak salatu ditu Gobernuak eskola garraioan eginiko murrizketa eta horrek sortu dituen arazoak. Eragile askoren presioak Jaurlaritza atzera egitera eraman du. Zentzu horretan, EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du “ekimen gabe jokatzeaz gain, modu erreaktiboan” erantzuten duela beti Hezkuntza sailak: “Bere erantzukizunei ihes egiten dien sail baten aurrean gaude, zoritxarrez. Ardurak partekatu beharrean. Ardura besteengan uzten du. Elkarrizketan eta negoziazioan sakondu beharrean, autoritarismoz jokatzen du. Eta arazoak konpondu beharrean, arazoak pilatu eta areagotu egiten ditu”.
Legebiltzarkidearen hitzetan, “ikastetxeen, ikasleen eta familien bidelagun izan beharrean, Jaurlaritza oztopo bilakatzen ari da. Beraz, espero dezagun, oraingoan Hezkuntza Sailak pilak jartzea, batez ere dagozkion ardurak bere egitea eta esku artean duen eskola garraioaren elur bolari konponbidea ematea”.