EH Bilduk, familiekin bat, bi urteko ikasleei eskola garraioa eskaintzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko ira. 24a, 12:33

EH Bildu eskola garraioan eginiko murrizketaren aurka azaldu da eta atzera egiteko eskatuko dio Jaurlaritzari Legebiltzarrean eta udaletxeetan.

EH Bilduk Jaurlaritzak eskola garraioan eginiko murrizketa kritikatu du gaur eta horrek sortu dituen arazoak konpontzeko Legebiltzarrean zein hainbat udaletxetan aurkeztutako ekimenen berri eman du. Izan ere, Hezkuntza Sailak sare publikoko bi urteko ikasleei garraio zerbitzua kendu die ikasturte honetan, baina “erabaki horrekin sekulako arazoak sortu dizkie hiriguneetatik kanpo eta baserrietan bizi diren familiei”, Rebeka Ubera legebiltzarkideak salatu duenez. “Beren seme-alaben hezkuntza eskubidea kolokan geratu da, garraio zerbitzua kenduz gero, kontziliazioa ia ezinezkoa delako lana duten gurasoentzat. Lehendakariak dio kontziliaziorako laguntzak zabaldu behar direla, baina gero bere gobernuak kontrakoa egiten du: erraztasunak eman beharrean, oztopoak jarri”.

Arazoa bereziki larria da herrietan, eta hala ohartarazi dute, Uberarekin batera, Lorea Muñoz Izurtzako alkateak, Endika Jaio Mañarikoak eta Idoia Buruaga Elorriokoak. Azken honek azaldu duenez, alkateak familia eta ikastetxeetako zuzendariekin jarri dira jada harremanetan, udalaren babes eta laguntza eskaintzeko, garraio zerbitzua bat-batean kentzeak kalte handia egin dielako familiei, izugarri zailtzen duelako familia kontziliazioa edota emakumeen lan aukera. Alkateek Hezkuntza Sailera jo dute jada egoera elkarrekin aztertzeko eta garraio zerbitzua mantendu dezala eskatzeko.

EH Bilduk horixe eskatuko dio Jaurlaritzari Legebiltzarrean zein udaletxeetan. Lehenik eta behin, 2 urteko ikasleei ere garraio zerbitzua eskaintzen segi dezala, eta bigarrenik, eskola garraioa arautzen duen dekretua berraztertu eta alda dezala behar diren neurriak aplikatzeko. Rebeka Uberaren iritziz, “dekretu horrek, 2015ekoak, ez du balio, ez ditu ikastetxe eta familien beharrak asebetetzen eta murrizketak aplikatzeko tresna bilakatu da”.

Legebiltzarkideak salatu duenez, Hezkuntza Sailak ikasturtea hastear zegoela, azken momentuan, kendu die garraio zerbitzua, Haur Hezkuntzako 1. zikloan, sare publikoko familiei. “Zer egin behar dute orain lan egiten duten gurasoek? Euren seme-alabak etxean utzi? Edo itunpeko ikastetxeetara eraman? Hori da Jaurlaritzak proposatzen diena? Eskola publikoa indartu beharrean, ikasleak itunpekora bidali?”.

Lakuak emandako azalpenak ere ez ditu ontzat eman Uberak: “Hezkuntza Sailak argudiatu du 2 urteko ikasleen kasuan eskola garraioak ez dituela segurtasun neurriak betetzen. Hori da bere aitzakia, baina ez da sinesgarria. Batetik, segurtasun arloko araudia 2001ekoa delako. Orain arte ez da arazorik egon eta orain bat-batean araudia ez da betetzen? Eta bestetik, itunpeko ikastetxeetan 2 urteko ikasleek garraio zerbitzua dutelako. Pribatuetan araudi berezia aplikatzen da ala? Publikoetan baino eskubide gehiago dituzte?”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak