EH Bilduk Osakidetzako lan eskaintzan atzemandako irregulartasunak ikertzeko batzordea eskatu du ofizialki

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko uzt. 24a, 12:09

Jaurlaritzak ez duela egiten ikusirik, Legebiltzarrak ikertu eta argitu beharko du Osasun Zerbitzuko Pertsonal arloan gertaturikoa. Funtzio Publikorako sarbidean aukera berdintasuna bermatzea da helburua.

Maddalen Iriartek Euskadi Irratian iragarri bezala, EH Bilduk ikerketa batzorde berezia sortzea eskatu du ofizialki gaur goizean Legebiltzarrean, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) eta, oro har, bertako Pertsonal arloko politikan azaleratu diren irregulartasunen atzean zer dagoen argitzeko.

Urrats hau eman aurretik, EH Bilduk Osasun Sailaren azalpenen eta neurrien zain egon da, ea Jaurlaritzak irregulartasunak ikertzeko asmoa zeukan, baina azkenean ikerketa batzordea eskatzea erabaki du, behin ikusita Lakuan ez dagoela ikerketa azken muturreraino eramateko borondaterik. Pasa den osteguneko agerraldian Darpon sailburuak LEPean ‘anomaliak’ egon direla eta azterketa batzuk errepikatuko direla baino ez zuen esan, eta hori, argi dago, ez da nahikoa; ezinbestekoa da mamira jotzea, zerk eta nork ahalbidetu dituen irregulartasunak ikertzea eta argitzea, eta, beharrezkoa baldin bada, ardurak garbitu ere garbitzea.

EH Bilduk azpimarratu nahi du auzi hau ez dagokiola Osakidetzako LEPari soilik. Harago doa, Osakidetzaren Pertsonal politika osoari eragiten dio. Rebeka Uberak iragan ostegunean ezagutzera eman zuen posta elektronikoak hala frogatzen du, posta horrek erakusten duelako nola zuzendariorde batek atal-buru bati eskaintzen dion haren plazaren esleipena ebaluatu eta erabaki behar zuen epaimahaiaren osaera aukeratzea. Kasu horrek begien bistan uzten du Osakidetzan ‘modus operandi’ oso bat dagoela, zeharo hedaturik, lagunkerian eta entxufismoan oinarritua, lanpostuak emateko. Kasu paradigmatikoa da, primeran islatzen du zer nolako zigorgabetasun sentsazioa egon den Osakidetzako Pertsonal arloan.

Premiazkoa da beste eredu bat ezartzea Lan Eskaintza Publikoetan eta Pertsonal politikan, Osakidetzan eta, oro har, Funtzio Publikorako sarbidean bermatzeko meritu, gaitasun, objektibotasun eta aukera berdintasun printzipioak errespetatzen direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak