Europako Kontu Auzitegiaren txostena ikusita, Jaurlaritzak AHTaren obrak gelditu behar ditu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko eka. 28a, 19:15

Mikel Otero legebiltzarkidearentzat, Tapia sailburuaren erantzuna arduragabekeria izan da: “Diru-publikoaren xahuketaz ari gara, eta ezer mugitu nahi ez izateak Gobernuaren egoskorkeria erakusten du. Gutxienez, kautelazko neurri bezala lanak bertan behera utzi behar dira”.

Europako Kontu Auzitegiak Abiadura Handiko Trenari buruz egindako txostena oso kezkagarria dela adierazi du gaur Mikel Otero legebiltzarkideak, argi erakusten baitu “euskal obretan diru publikoaren xahuketa nabarmena egon dela eta AHTa garestia eta ez-eraginkorra dela”. Zentzu horretan, Euskal Herria Bilduk aspaldidanik esan dituen kontuak berretsi besterik ez ditu egin txostenak: herri honen historiaren inbertsio publiko nagusiena zentzugabekeri bat dela argi geratzen ari da, arrazionaltasun ekonomikorik gabe egindakoa, garestiegia eta beharrei egokitu gabea.

Izan ere, Euskal Y-ari, txostenaren arabera, BEZ-a gabe 5.700 milioi euroko kostua izango luke, BEZarekin, 7.000 milioi euro. Kopuru hauek ADIFek egindako aurreikuspen ekonomikoak baino askoz altuagoak dira. Gainera, kilometro bakoitzeko kostua 40 milioi inguru utziko luke, europar sarearen bataz bestekoa baino askoz altuagoa.

Oso azpimarragarria da ere, txostenaren arabera, AHTaren lerro batek arrakasta izateko gutxieneko erabiltzaileen kopuruak 9 milioikoa izan behar duela. Euskal Y-rako aurreikuspen baikorrenak, horren %50ean geratzen dira. Balizko errentagarritasun ekonomiko eta sozial guztiak zapuztuak geratu dira datu berri hauen arabera.

Oteroren hitzetan, “erantzukizun politiko izugarria dago hemen, bai Espainiako gobernuaren partetik, bai euskal Gobernutik”. Horregatik, Arantxa Tapiak gaur egin dituen deklarazioak arduragabekeri bat dira legebiltzarkidearentzat: “Europak esandakoaren ostean ezer mugitu nahi ez izateak Jaurlaritzak duen egoskorkeria argi erakusten du”.

Guztia ikusita, Europar Kontuen Epaitegiak egin duen txostenaren arduradunak Legebiltzarrera etortzeko eskaria egingo du EH Bilduk, talde guztien aurrean azalpenak eman ditzan. Bitartean, Oterok Gobernuari exijitu dio “AHTaren obrak guztiz gelditzea kanpo auditoria ekonomiko batek Europako Kontu Auzitegiaren salaketak aztertu arte. Diru publikoaren xahuketaz ari gara, oso gai serioa da, eta gutxienez, kautelazko neurri bezala lanak bertan behera utzi behar dira azpiegituraren berrazterketa bat egiten den bitartean”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak