EH Bilduk EAJ-PSE-PP hirukoteak adostu duten Lanbide Heziketaren Legearen aurka bozkatuko du gaur arratsaldean Legebiltzarrean, gobernukideek sustatutako legeak “patronalari begiratzen diolako, haren interesei, eta lehentasun osoa ematen diolako eredu ekonomiko zehatz bati”. Rebeka Uberak adierazi duenez, “patronalaren interesak lehenetsi ordez, lege horrek gizarte ongizateari eta eragile sozio-ekonomikoei begiratu beharko lieke, gizarte gisa ditugun erronkei era egokian aurre egiteko; EAJk eta PSEk PPrekin adostu duten legeak patronalaren beharrak asetzea du helburu, nagusiki, eta ez die behar adina arreta ematen pertsonen prestakuntzari, hezkuntza beharrei, tokiko garapenari, kalitatezko enplegua sortu beharrari”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Lanbide Heziketaren Legearen erdiguneak ikastetxea bera izan beharko luke, ez enpresa. Norabide horretan, Uberak “lege parte-hartzaileago eta inklusiboago baten beharra aldarrikatu du, ikastetxeei erabakitzeko ahalmen handiagoa emango liekeena, boterea Lakuan, Jaurlaritzan, kontzentratu gabe”. Halaber, Uberak ohartarazi du PPrekin adostutako legeak “ez duela jauzi kualitatiborik emango Lanbide Heziketa eta lan mundua euskalduntzeko”.