Legebiltzarrak Gobernu espainolaren aurrekontuen aurkako jarrera kritikoa berretsiko du datorren ostegunean, Osoko Bilkuran, apirilaren 12an egin zuen adierazpenaren ildo beretik. Estatuko aurrekontu orokorrak etzi bozkatuko dira Kongresuan eta EH Bilduk horren inguruko eztabaida ekarriko du biharamunean Legebiltzarrera, Rajoyren proiektuak arrakala soziala indartu eta herritarrei kalte larria eragingo dielakoan. EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du eta, Podemosek zein PSEk zuzenketak egin dituzten arren, hauek ere norabide berean doaz, oso kritikoak PPren aurrekontu-proiektuarekin. Hori horrela, ostegunean apirilaren 12ko argazkia errepikatuko da, eta Legebiltzarra Gobernu espainolaren aurrekontuen kontra agertuko da.
Egoerak, gainera, ez du hobera egin apirilaz geroztik. Rajoyren Gobernuak jendearen eskubide sozial eta ekonomikoak murrizten dituen politikari eusten jarraitzen du eta Katalunian inposaketaren bidean dago tematuta. Egoera honetan zeharo ulertezina eta oso larria litzateke EAJk aurrekontuak onartzea PP eta Ciudadanosekin batera. Ezin da ahaztu EAJko buruzagiek behin eta berriz esan dutela ez dituztela Rajoyren aurrekontuak onartuko Katalunian 155. artikulua indarrean egonez gero; bada, ez dago soberan gogoraraztea politikan koherentzia eta emandako hitza betetzea ezinbesteko baloreak dira.