Legebiltzarrak adostasun zabala erdietsi zuen pasa den martxoan –PP bakarrik abstenitu zen– eta EH Bilduren proposamena onartu zuen Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna ezartzeko 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. Gaur bertan amaitu da Partzuergoan matrikulazio epea 2018-2019 datorren ikasturterako, baina Hezkuntza Sailak ez du doakotasuna iragarri, akordio parlamentarioaren kontra. Hori dela eta, Rebeka Uberak kontuak eskatu dizkio Legebiltzarrean Cristina Uriarte sailburuari, eta exijitu dio Parlamentuaren agindua bete dezala eta, hortaz, datorren irailetik aurrera haurreskolak doakoak izan daitezela 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. EH Bilduk hala eskatuko du berriz ere mozio baten bitartez, gaur sailburuak uko egin diolako horren inguruko zehaztapenak emateari. “Familiek informazioa behar dute, argi jakin behar dute zer gertatuko den irailean, haurreskola zerbitzua benetan doan izango duten ala ez”, ohartarazi du Uberak.
EH Bilduko legebiltzarkideak agindu parlamentarioa betetzeko borondaterik ez izatea eta doakotasunaren aplikazioa atzeratu nahi izatea egotzi dio Hezkuntza sailburuari, “kontuan hartu gabe horrek kalte handia egingo liekeela egoera ekonomiko zaila duten familiei”. Zentzu horretan, Uberak azpimarratu du EH Bilduren azken helburua Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna erabatekoa eta orokorra izatea dela. “Orain lehenengo urratsa eman dugu, 18.000 eurotik beherako errenta duten familiei begira, baina urrats gehiago ematen jarraitu behar dugu, progresiboki, ziklo horretan doakotasuna orokortu arte”