Legebiltzarrak, EH Bilduren legez besteko proposamen bati jarraituz, 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoa osatzeko eskatu dio gaur aho batez Jaurlaritzari. Nerea Kortajarenak kritikatu duenez, Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek iragan otsailean aurkeztu zuen plana anbizio gutxikoa da, orokorkeriez beteta dago eta ez du neurri zehatzik planteatzen kalitatezko enplegua sortzeko eta jende guztiari aukera bat emateko lan merkatuan. Gainera, erantsi du, Lakuak “gehiengo sindikalari bizkarra emanda” landu eta aurkeztu zuen plana, eta horri gehitu dio gainera Confebaskekin sinatu berri duen akordioa, “kontsensurako aukera guztiak dinamitatu dituena”.
Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du, adierazgarria baita EAJ-PSE gobernukideek ere onartzea Jaurlaritzaren jatorrizko planak gabezi handiak zituela. Hortaz, Enplegu Plan Estrategikoa era egokian bideratu nahian, Legebiltzarrak osatzeko eskatu dio Urkulluren Gobernuari, besteak beste, adierazle argiak jaso ditzan kalitatezko enplegua sortze aldera, jarraipen eta kontrol neurriak har ditzan, feminizaturik dauden sektoreen prekarietate egoerari aurre egin diezaion eta aukera berdintasuna berma dezan, jendartearen sektore ahulenentzako estrategia berezituak martxan jarrita.