Bihar Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkura ez da beste osoko bilkura bat izango. Gipuzkoako gehiengoarentzat bihar onartuko dena eskandalagarria izango da. Gipuzkoako %1 aberatsenentzat, berriz, bihar ospatzeko moduko eguna izango da. Izan ere bihar Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera garatzeko erabakia hartuko dute EAJ-PSE eta PPk, eta beste zerga sistema bat indarrean sartuko da, askoz insolidario eta injustuagoa.
Datuak argiak dira: Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.
Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari. Hau da, EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparituko dizkie.
Baina gehien dutenen zergak jaistea larria bada, are larriagoa da, aldi berean gehien behar dutenei murrizketak ezartzea. Foru Aldundiko datuei erreparatuz, Gipuzkoan 16.697 pertsonek jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat. Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 16.697 onuradunetatik % 27a, hau da, 4.330 pertsonak, murrizketak jasaten hasi dira. Gainera, mendekotasun handiena (III. Gradua) dutenek pairatuko dituzte murrizketarik handienak, hau da, diru-laguntzak gehien behar dituztenek.
Esate baterako, mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei hilabetero 25 eta 80 euro arteko murrizketa aplikatu zaie urtarrilaz geroztik, hau da, 300 euro urtean 1. gradukoen kasuan eta 1000 euro urtean 3. gradukoetan . Eta kontuan hartu behar da laguntza hauek, batez ere, senarra zaintzen ari den emakume pentsiodun batek kobratzen duela.
Datuak argiak dira. Ez dira EH Bilduk asmatutako datuak. Ezta bihar Batzar Nagusien aurrean kontzentrazioa egingo duten eragile sozialen datuak ere. Hauek guztiak Foro Aldundiak emandako datu ofizialak dira.
EH Bilduren aldetik, biharkoan erreforma fiskalari EZETZ biribila emateaz gain, herritarrei datu hauek helarazteko egiten ari garen lana biderkatuko dugu, antolatzen diren mobilizazioak babestuz eta aktiboki parte hartuz. Izan ere, EAJ-PSE koalizioak, PPren babes sutsuarekin, egin nahi duena Gipuzkoako jendarte osoari ikaragarrizko lapurreta da.