EH Bilduk proposatu eta Legebiltzarrak aho batez eskatu dio Lakuari EAEn fracking-a ez dela erabiliko bermatzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko mai. 4a, 16:33

Mikel Oterok ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako euskal legearen efektuak murriztu dituela eta, horren aurrean, ezinbestekotzat jo du Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala haustura hidraulikoaren teknikaren kontra.

Fracking-aren aurkako euskal legearen eragina mugatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia efektu praktikorik gabe uztea helburu, EH Bilduk erabateko adostasuna lortu du gaur Legebiltzarrean. Mikel Oteroren proposamena aintzat hartuta, Gasteizko Parlamentuak haustura hidraulikoaren aurkako konpromisoa berretsi eta aho batez eskatu dio Jaurlaritzari bere esku dauden baliabide guztiak erabil ditzala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan fracking-a ez dela erabiliko bermatzeko.

Zentzu horretan, Legebiltzarrak Lakuari galdegin dio ekin diezaiola akuiferoen zaurgarritasun-maparen eguneratzeari eta optimizatzeari, horrela era eraginkorragoan lagunduko baita lurpeko ur-masak hobetzen eta babesten. Izan ere, Oterok ohartarazi du Konstituzionalaren epaiak bereziki akuiferoak babesgabeturik utzi dituela.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Konstituzionalak beste urrats bat eman duela Estatuaren birzentralizazio prozesuan, oraingoan ingurumenaren babes arloan EAEk dituen eskumenak urratuz. Horren haritik, Legebiltzarrak erabateko desadostasuna adierazi du Konstituzionalaren ebazpenarekiko, eta Gobernu espainolari eskatu dio hidrokarburoen ustiaketaren arloko araudi estatala aldatzeko, hidrokarburoen esplorazioan edo esplotazioan haustura hidraulikoaren teknika debekatze aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak