Merkataritza txikiaren egoera larriak kezkaturik, EH Bilduk 27 alegazio egin dizkio Jaurlaritza tramitatzen ari den Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plan berriari aurreko planak, 2004koak, ezartzen zituen mugak berreskuratzeko, hau da, merkatal gune handi berriak irekitzea edo jada existitzen direnak handitzea debekatzeko. Iker Casanovaren iritziz, “plan berria ez da behar bezain murriztailea eta ez die ia mugarik jartzen horrelako zentroak handitu edo irekitzeko proiektuei”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du plan berriaren tramitazioa urteetan luzatu daitekeela eta, hori kontuan hartuta, eskatu du bien bitartean Jaurlaritzak ez ditzala baimenak eman saltoki handiak irekitzeko edo zabaltzeko. “Baimenen etenaldia behar da, ez lukeelako inolako zentzurik izango plan berriak muga zorrotzak ezartzea baina hori onartu bitartean bide ematea gero ezinezkoak izango liratekeen superfizie komertzialak zabaltzeari”. Horren haritik, Casanovak ohartarazi du “Gipuzkoan une honetan martxan dauden makroproiektuen arabera saltoki handiek 200.000 metro karratu gehiago hartuko dituztela, eta hori galarazten ez badugu, kaltea ikaragarria izango da merkataritza txikiarentzat”.
EH Bilduk ezinbestekotzat jo du merkataritza txikiari babes berezia ematea, eta norabide horretan doaz Casanovak Lurraldearen Arloko Planari aurkeztutako alegazioak, “merkatal gune handien kontrolik gabeko hedapena saihesteko, saltoki handi gehiago irekitzeak merkataritza txikia suntsitzea ekarriko lukeelakoan”. Legebiltzarkideak adierazi duenez, “Europar Batasunaren legediak aukera ematen du arlo horretan hainbat murrizketa ezartzeko; beraz, borondate politikoa bakarrik behar da, tresna legalak izan baditugulako”.