Intxaurrandieta eta Errazkini babesa agertzeko, ekitaldia egingo du EH Bilduk apirilaren 15ean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko mar. 29a, 17:21

Agerraldia egin dute Marian Beitialarrangoitia diputatuak eta Mikel Biain Oñatiko alkateak

Dakizuen bezala, hurrengo apirilaren 12an epailearen aurretik pasa beharko dira Ainhoa Intxaurrandieta GHKo presidente ohia eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia. Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte, ikusi den bezala gaindimentsionatua zegoen erraustegiaren proiektua gelditzeagatik. Haien gainean, zigor eskaera oso gogorrak daude, 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak eskatzen dizkiete.

EH Bildutik erabat bidegabetzat ditugu zigor eskaera horiek. Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete.

Gogora ekartzekoa da egun proiektatu duten erraustegia, bere garaian proiektatu zutena baino txikiagoa dela, aurrekoaren gaindimentsioa agerian utziz. Era berean, Madrilgo Kontuen epaitegiak aztertu zuen jada etete horren indemnizazioa eta ikertu zuten instruktoreak zein fiskaltzat ontzat eman zuten jarraitutako bidea.

Salaketa jarri duen Foru Aldundiko gobernuak, ordea, EAJ-PSEren gobernuak, ez du zintzo eta giza-legez jokatu Intxaurrandieta eta Errazkinekin. Aurrekoa jakinik, joko politikoaren marra gorri guztiak gainditu ditu. Gipuzkoarron interesen zein balizko ondorio pertsonalen gainetik mendeku gosea nagusitu da. Jakin badakigu, hala esan digutelako EAJko bozkatzaile ugarik eta baita zinegotzi batzuk ere, ez dutela ulertzen nola EAJko Gipuzkoako agintariek bi euskaldun Madrileko auzitegietan salatu dituzten, Madrileko epaile arrotzen eskutan nola utzi dezaketen zintzo jokatu duten bi euskaldunon etorkizuna.

Gipuzkoako EAJko eta PSEko arduradunek hain modu zabarrean jokatu izana ez da kasualitatea. Erraustegiaren proiektuak aurkakotasun oso handia dauka Gipuzkoako gizartean, osasunean zein herrialdeko ekonomikoan izango dituen ondorio larriengatik. Horretaz jakitun ziren aurreko legealdiko Gipuzkoako EH Bilduko ordezkariak, eta EH Bildu bera eta herrialdearekiko zeukaten konpromisoagatik eta zintzotasun politikoagatik erabaki zuten errauskailuaren proiektua gelditzea. Erraustegiarena gaindimentsionatutako proiektua da eta zen, egun txikiagoa eraikitzen ari direla ikusi besterik ez dago, baina gainera ez die Gipuzkako interes errealei erantzuten, eta ondorio oso larriak utziko ditu urteetan herrialdeko ekonomian eta herritarren osasunean. Horrenbestez, EH Bilduko kideek, Intxaurrandietak eta Errazkinek eta EH Bilduk ere bai, erabaki politiko bat hartu zuten proiektua geratzean.

Esan bezala, egungo EAJ-PSEren foru gobernuak ez du debaldeko erabakia hartu EH Bilduko bi ordezkariri horrelako akusazio larriak egitean epaitegietan. Errauskailuaren eraikuntzaren atzean interes politikoak daude, baina hori baino gehiago, interes ekonomiko handiak daude, eta herritarren osasunarekiko ardura eskasa. Elite ekonomikoen interesak kolokan jarri ziren errauskailuaren proiektua geratzean. Horixe da, hain justu, Intxaurrandietari eta Errazkini barkatzen ez dietena. Joko zikina eta mendekua baino ez dago haien aurka horrelako zigor eskaera bidegabeak egiterakoan.

EH Bildutik babes osoa agertzen diegu Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Ondo baino hobeto dakigu hartu zituzten erabaki politikoak hartuta gipuzkoarren interes orokorra lehenetsi zutela, hain ongizate ekonomikoa eta osasuna. Konpromiso politikoarekin eta zintzotasunez jokatu zuten beti, eta jakitun ziren horrelako erabakiak hartuta elite ekonomiko boteretsuen aurkako jokatzen zutela eta horrek ondorioak ekarri zitzakeela. Gaur, 2018an, ondo baino hobeto ikusten ari garen bezala.

Era horretara, Intxaurrandietari eta Errazkini babesa eta esker ona agertzeko, ekitaldia egingo du EH Bilduk Azpeitian hurrengo apirilaren 15ean, eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu beren zintzotasunean eta konpromiso politikoan sinesten duten eta elite ekonomikoen gainetik herritar ororen interesak babestu behar direla uste duten herritar guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak