Asteburuan pentsiodunekin bat egin ostean, EAJk eta PSEk ezezkoa eman diote gaur pentsio txikiak osatzeari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko mar. 22a, 23:36

EH Bilduk Urkullu Gobernua sostengatzen duten alderdien joko bikoitza salatu eta Lakuak dituen eskumenak erabiltzea proposatu du, 1.080 euroko pentsioak bermatzeko. “EAJk hori friboloa dela dio; EAJren proposamena, ordea, ezin da kalifikatu, existitu ere existitzen ez delako”.

Tamalez, ezusterik ez. EAJk eta PSEk, Urkullu lehendakaria sostengatzen duten alderdiek, ezezkoa eman diote EH Bilduren proposamenari eta Jaurlaritzak ez ditu pentsio txikiak osatuko 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu arte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan milaka eta milaka pentsiodunek pairatzen duten prekarietatea izugarria dela jabeturik, EH Bilduk eskari zehatza egin dio Jaurlaritzari: haren eskuduntzak erabili ditzala, hemen eta orain, pentsiodun guztiei bizi baldintza duinak bermatzeko; ez dadila Gobernu espainolaren zain geratu, ea egunen batean Madrilen pentsioak igotzea erabakitzen duten; ez dezala itxaron euskal pentsio sistema propioa sortu arte, gaur egun 700 euro baino gutxiago kobratzen duten 192.000 pentsiodunen premiei gaur bertan erantzun behar zaielako. “Ezin da ulertu EAJk eta PSEk Gobernu espainolari eskariak egitea, pentsiodunen mobilizazioekin bat egitea eta gero euren esku dagoen guztia hemen eta orain egin nahi ez izatea. Premiazkoa da euskal pentsio sistema sortzea, baina bien bitartean gure esku dauden erabakiak eta neurriak hartu behar ditugu pentsio duinak bermatzeko”.

Nerea Kortajarenak salatu duenez, pentsio sistema espainolak ez du jendearen bizitza duina bermatzen, eta datozen urteotan egoerak okerrera egingo du gainera, Rajoyren Gobernuaren erabakiak direla medio. Bistakoa da ezinbestekoa dela hemen eta orain neurriak hartzea, pentsio duinak bermatuko baditugu. Helburu horrekin, EH Bilduk bi proposamen zehatz egin dizkio gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari: lehena, pentsioei KPIren igoera aplikatzea, EAJk Madrilen babestu zuen %0,25eko igoera iraingarria osatzeko; bigarrena, pentsio txikiak osatzen hastea, lau urteko epean 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.

Finean, Kortajarenak azaldu duenez, “pentsioak duintzeko sistema osagarri bati bide ematea proposatu dugu”. Izan ere, gaur egun Lakuak 15.498 pentsio osatzen ditu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez, baina 192.000 dira 700 euro kobratzera iristen ez diren pentsiodunak. Horren haritik, EAJk EH Bilduren proposamenari eman dion erantzuna kritikatu du legebiltzarkide subiranistak. “Proposamen arina, friboloa eta demagogikoa dela esan digu EAJk, baina guk ezin dugu EAJren proposamena kalifikatu, existitu ere existitzen ez delako. EAJk ez du proposamenik pentsiodunentzat, bere proposamena zero da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak