Maddalen Iriartek garrantzitsutzat jo du Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez, gaur egindako adierazpena, Osoko Bilkurak –EAJ, Podemos eta EH Bilduren beraren botoekin– Konstituzio espainolaren 155. artikulua indargabetzea eskatu baitu, bai eta urriaren 1eko erreferendumaren ondorioz Katalunian atxilotutakoak kaleratzea ere. Halaber, Legebiltzarrak Gobernu espainolari galdegin dio oztoporik ez jartzeko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu ziren eta kartzelan edo atzerrian dauden hautagaiei, eta, horren haritik, ez eragozteko Govern eta presidentearen inbestidura saioa, Kataluniako instituzioak lanean has daitezen bertako gehiengoak hauteskundeetan adierazitako borondateari jarraituz.
Iriartek ohartarazi du Estatu espainola salbuespen egoeran dagoela zigorgabetasuna erabatekoa delako Estatuko botereek nahieran joka dezaten Espainiaren batasuna bermatzearren. “Espainiak bere batasuna beste edozeren gainetik jarri du, eta prest dago demokrazia eta elkarbizitza dinamitatzeko, batasuna defendatzearen truke. Ez dago ezer inportanteagorik Espainiaren batasuna baino, ez giza eskubideak, ez demokrazia, ez ezer. 155. artikulurik gabe ere, Estatu espainola salbuespen estatua da; Espainiak ez du 155. artikulua behar, Espainia bera delako 155. artikulua”. Horren adibide da sistema judiziala, zeinak “oso delitu larriak leporatu dizkien Kataluniako hainbat ordezkariri eta aldi berean uko egiten dion haien kontra egiteari Estatuko mugetatik kanpo, barregarri ez geratzeagatik”.
EH Bilduko bozeramailearen iritziz, 155. artikulua aplikatuta, “Madrilek herri oso bat, Katalunia, umiliatu nahi izan du, bertako instituzioak gutxietsi ditu, argi uzteko nork dituen hogeita hamaika eskutik”.