Duela bost urte eta bost hilabete euskal agertoki politikoa goitik behera aldatu zenean, gauza batzuk askoz arinago konponduko zirela pentsatzen genuen, jakina: esaterako, bi aste barru bururaino helduko den ETAren armagabetzea edota bihar etzi baino hobe bideratzen hasi beharko litzatekeen presoen auzia. Baina, aldi berean, trukean-edo, oso urrutiko ortzimugan ziruditen zenbait gauza denok uste baino lehenago gertatu dira: hala nola, bi aldeetako biktimak zenbaitetan elkarrekin ikustea edota Nafarroan erregimen espainiarzaleak boterea (ia botere guztia) galdu izana. Eta guztion begien aurrean baina ia oharkabean emeki-emeki gauzatzen joan diren aldaketa sakon horien artean, bada EITB Focus inkestak azaleratu berri duen bat: ezkerreko independentismoak bere historia osoan izan duen kokapen politiko onena eskuratu du.
Inkesta horren trataeran, EAJren nagusitasun ukaezina nabarmendu da lerroburu gehienetan. GARAri, aldiz, deigarria egin zaio PPren posizioa okerra; marka da gero Estatuko alderdi bozkatuena dena EAEko biztanleen %69k inoiz ez luketela bozkatuko egiaztatzea! Baina bi datuok beste zenbaki harrigarriago bat estali dutelakoan nago. Izan ere, galdera berberaren aurrean (“Zein alderdiri ez zenioke inoiz bozik emango?”), herritarren %10,2k baino ez dute EH Bildu aukeratu, hamarretik batek baino ez dio bizkarra ematen balizko hautu horri. Errazkeria irudi liteke hurrengo ondorioa, baina, azken hauteskundeetan herritarren %10,1ek PPren botopapera hartu zutela gogoratzen badugu, ekuazioa horrela osa liteke: Mariano Rajoy eta Alfonso Alonsoren boto emaileek izan ezik, gainerako denek ez dute guztiz baztertzen egunen batean –gaur bertan, laster, epe erdira edo epe luzera– ezkerreko independentismoari atxikimendua ematea, eta ez dute behintzat ezkerreko independentismoa etsai nagusitzat. Dudarik gabe, EAJk zein Elkarrekin Ahal Duguk kontrako gutxiago dituzte (%1 eta %3,3 hurrenez hurren), baina ez dago konparatzerik: malgua oso da jeltzaleen aukera (eta irabazlea) eta zuri-zuria podemitarrena (aurrekaririk gabea); ezkerreko abertzaleena, aldiz, jatorriz zikindua eta helburuz maltzurra, ia deabruak berak erditua, temati saldu digutenez 80ko hamarkadetako itun haietatik hona, eta ez soilik Madriletik, baita Gasteiz eta Iruñetik ere.
Ez da datu isolatua, EiTB Focus inkestako gainerako aldagaiek berresten baitute aurrekoa. Azken lau urteotako indar politiko bakoitzaren bilakaera baloratzea eskatu denean, +5,1eko puntuazioa lortu du EH Bilduk, EAJren +9,2tik ez oso urrun, Elkarrekin Ahal Dugurekin alderatuta dezente hobea (-5,4), zer esanik ez PSE zein PPko emaitza patetikoekin alderatuta (-48,5 eta -56,9). Begirada liderrengan pausatzen badugu ere, albiste onak datozkio koalizioari. Eusko Legebiltzarreko lanaren balorazioan Maddalen Iriarte ageri da bigarren (6,30), ia-ia Iñigo Urkulluren pare (6,39). Eta «nahiago duzun politikoaz» galdetuta, Arnaldo Otegi bigarren atera da alde handiz; bai, duela urtebete kalera atera zenean batzuentzat oraindik «terrorista» eta beste batzuentzat «modaz pasatutako politiko zaharkitua» zen Otegi bera.
Zerbait ondo egin den eta egiten ari den seinale da inkesta. Bereziki, erroak galdu gabe (helburu eta aldarrikapen bat bera ere ez da bidean utzi), mutur batean gotortuta gelditzeko arriskua saihestu du EH Bilduk (eta ez zen horretarako sirena kantuen faltarik). Aldaketa erradikalari eusten dio, baina, aldi berean, erdi-erdian paratu da. Ditxosozko hauteskunde hegemoniaren obsesioa gaindituta eta autokonplazentziaren arriskua ere alboraturik, bi tranpa horien artean bide zabala du irekita. Are gehiago EAJ-PSE-PPren artean nabarmen erpin bakarra osatzen ari denean eta Ahal Duguren izkinan arestian zirudiena baino indar gutxiago bildu den honetan. Bitxia iruditu arren, hauteskunderik gabeko tarte luze honetan badu EH Bilduk aurrera egiteko aukera paregabea, oso hurbil duen gehiengo baterako politika eraldatzaileak egiten eta eragiten asmatzen badu.
RAMON SOLA - Kazetaria