Proganda alde batera utzi eta datuetara joanda:
- Udalaren zorpetze bizia: 2010ean: 6.366.107 € 2015ean: 2.055.000 € (%66ko jeitsiera)
- Udalaren aurrezki garbia: 2010ean: 1.562.400 € 2015ean: 1.550.172 € (Mantendu)
Esan beharrik ez dago, ze garrantzi duen krisi garai gordinenean ere aurrezki garbi positiboa mantentzeak, sarrerak gastuen gainetik izatea alegia. Presio fiskala minimoetan mantenduta gainera. Zorpetze maila minimo historikoetan dago gaur egun.
2011 aurretik hirigintza arloan udalak izaten zituen aparteko diru sarrerak aspaldi desagertu ziren.Egungo udal gobernuari eta aurreko agintaldikoari ohiko baliabideekin aurrera egitea egokitu zaigu. Adibide bat: 2008an bakarrik, hirigintzako lur salmenta eta aprobetxamenduengatik udalak 4.200.000 € ingresatu zituen. 2011-2016 tartean, 1.448.224 € izan dira guztira. Joan ziren EAJ-k amesten dituen “pelotazo” garaiak.
Kreditu aldaketarako espedienteak egin eta inprobisazioz jokatzea leporatzen digute. Datu konparaketa bat: 2007-2010: 37 kreditu aldaketarako espediente. 2012-2015: 33. Ohikoa izan den prozedura alegia, ez ohiko diru sarrera bat edo kreditu behar bat sortu izan denean.Baina alarma mezua zabaltzeko edozerk balio du antza.
Oñatiko EAJ udal taldeak erakutsi du, ekarpenik ez egiteaz gain, trabak jartzea duela helburu. Ez dugu inoz somatu lankidetzarako prest agertu den oposizio arduratsua. San Martin izan zen adibide garbiena: gobernuak urbanizazioa aurrera ateratzeko plangintza proposatu eta EAJk ezezko borobila, epaitegietara joateraino gainera. Lotsagarria oposizioaren jarrera: egin ez eta egiten utzi ez. Zorionez epai hark ere agerian utzi zituen EAJren irakurketa eta asmo okerrak. Gaizki dihardugula eta Oñatik beste kudeaketa bat behar duela diote, beraien laguntza horretarako eskainiz gainera. Ironia hutsa.
Urtarrilaren 28an agintaldi osorako egitasmoak aurkeztu genituen, eta urtez urte hauek gauzatzeko konpromisoa agertu, orain arte bezala udalaren ekonomia eta finantza oreka zainduz. Guk lanean jarraituko dugu beste batzuk matrakari eragiten dioten bitartean.
Mikel Biain Berraondo
Oñatiko Udal Gobernu Taldearen izenean