Gipuzkoako Foru Gobernuak aurkeztutako hondakinen inguruko prognosia gezurrez eta hutsunez jositako dokumentua da EH Bilduren ustez, EAJk eta PSEk helburu politikoak azterketa teknikoen aurretik jarri dituztelako. Foru Aldundiak diseinatutako bide-orriak ez du Europako Zuzentaraua betetzen, ez du Osasun Planik aurreikusten, ez du birziklapena bultzatzen eta gain-dimentsionatuta dagoen erraustegi bat justifikatzeko datu faltsuak asmatzen ditu. Gainera, Zubietako errauste plantak 50.000 tona hondakin toxiko sortuko dituela onartu arren, EAJk eta PSEk ezkutatzen dute horiek botatzeko beharrezkoa den zabortegiaren kokapena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, abenduaren 18an, hurrengo hamarkadetarako hondakin sorreraren prognosi edo aurreikuspena aurkeztu zuen. EH Bilduk dokumentu honi buruzko iritzia eman du gaur Judit Garcia eta Iban Asenjo batzarkideek Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Honetaz gain, Asenjok Foru Gobernuaren azken orduko erabaki inprobisatuak kritikatu ditu: “Diputazioa arduragabekeriaz jokatzen ari da eta bere kudeaketa guztiz kaotikoa izaten ari da. Aurreko astean, zaborrak Lapatxera eraman nahi zituen eta orain jakin dugu Kantabriara eramango dituela 25 kamioi. Zer da nahaste-borraste hau? Hori ez da aukera onargarri bat, guztiz antiekologikoa da”.
Judit Garciak salatu duenez, gainera, Diputazioak aurkeztutako prognosiak ez du Europako Zuzentaraua betetzen eta ez du birziklapena bultzatzen. Jakina denez, Europako Parlamentuak 2020tik aurrera asko murriztuko du errausketa, eta bakarrik birziklagarriak ez diren hondakinetara mugatuko du. Foru Gobernu berriak, aldiz, arduragabekeriaz jokatu du eta ez ikusiarena egin du muga horren aurrean. Europa osoan Ekonomia Zirkularraren filosofia nagusitzen ari denean, prognosian 2045erako gaur egun baino 80.000 tona hondakin gehiago sortzea aurreikusten du Aldundiak, nahiz eta Gipuzkoan gero eta gehiago birziklatzen dugun. Beraz, Aldundiak ez du prebentzioa sustatu nahi, erraustegia errentagarria izateko elikatu behar delako.
Bestalde, dokumentuan Zubietako errauste plantak, urtean, 50.000 tona hondakin toxiko sortuko dituela onartu arren, ez da esaten nora bota behar dituzten zabor toxiko horiek.
Iban Asenjo batzarkideak, gainera, finantzazio plana ezagutzea eskatu du: "GHK sosik gabe dago 2011an EAJk sinatu zituen SWAPengatik, eta Diputazioak ezin du gehiago zorpetu, legez. Beraz, nola ordainduko dira erraustegia eraikitzeko behar diren 300 milioi euro?"
Beste aldetik, Asenjok ohartarazi du Aldundiak aurkeztutako dokumentuan ez dela Osasun Planik agertzen. Gogoratu duenez, Zabalgarbi inguruan bizi diren herritarrei osasun frogak egiten dizkiote urtero, errauste planten inguruan minbiziaren tasen igoeraren arriskuagatik. Ez al da horrelakorik aurreikusten Usurbil, Lasarte-Oria eta Hernaniko herritarrentzat?, galdetu du Asenjok.
EH Bilduren ustez, beraz, prognosiak ez du zerikusirik errealitatearekin. Aldiz, badago erraustegia baztertzen duen alternatiba egingarria, iraunkorra eta askoz ere merkeagoa, aurreko legealdian EH Bilduren Gobernuak aurkeztutakoa, alegia.
- See more at: http://ehbildu.eus/eu/herrialdeak/gipuzkoa/8777-hondakinei-buruzko-plangintza-berria-gezurrez-eta-hutsunez-josita-dago-erraustegia-justifikatzeko#sthash.foInMGi8.dpuf