Azken urteotan behin eta berriro agerian geratu den moduan, euskal herritarrok pairatzen dugun indarkeria bakarra Estatu espainiarrarena da eta bereziki, Estatu espainiarraren izaera egokien ordezkatzen duen Guardia Zibilarena.
Estatu espainiarrak gatazka politikoa betikotzeko egindako apustua nabarmena da. Horren adibide dira espetxe politika kriminala, epaiketa eta inputazio politikoak eta indar polizial ezberdinek kontrol, mehatxu eta jarraipenen bidez egiten duten jazarpena. Estatuaren apustu horretan, funtsezko tokia du Guardia Zibilak. Are eta gehiago, Guardia Zibila bera da Gobernua presionatzen duen botere faktiko nagusia, Euskal Herrian errepresioa eta ukazioa mantendu eta gatazka politikoari inolako aterabiderik ez emateko. Zentzu horretan, gure aldarria argia da: Guardia Zibilak behin betiko eta inolako baldintzarik gabe alde egin behar du Euskal Herritik.
Hau horrela, Guardia Zibilaren aurka Oñatin larunbaterako deituta dauden ekintzetan parte hartzeko deia egiten die EH Bilduk herritarrei.
http://onati.ehbildu.eus/2015/06/11/errepresioa-eta-guardia-zibila-lotuta-dauden-bi-kontzeptu-dira/