EH Bilduren hautagaitzen alde babes mezu bat idazteko gonbitari erantzunez hemen naukazue honako lerro hauek zuekin partekatzeko prestu, pentsatuko duzuen bezala, baztertu ezinezko gonbita soilik ez, plazer handia da eta niretzat.
Duela aste batzuk greziar militante antikapitalista ezagun baten hausnarketa aski interesgarriak irakurtzeko aukera izan nuen. Besteak beste berak "hooliganismo politiko" gisa definituriko praktikak talde eta mugimendu ezkertiarrontzat izan ditzakeen arriskuez eta kalteez mintzo zen. Bada horiek gogoan gaurkoan ere soilik norberaren bertuteak onetsi eta segidan aurkari politikoaren defektu guztiak kritikatzen oinarritzen den eta politika zaharraren erakusgarri den praktika zital horretatik ahal bezain gehien aldentzen saiatuko naiz.
Orain 4 urte, EH Bilduren baitan antolatutako hautagaitza independentista eta antioligarkikoek arrakasta elektoral paregabea erdietsi zuten.
Lau urtetako bilana eginez, lorpen eta aurrerapen franko azpimarratu beharra dago, baina baita ere egiari zor, ilungune eta atzerakada batzuk ere. Normala da, inork pentsatzen badu askapen prozesuak linealak direla, sinpleki ez du historia ezagutzen.
Bai lagunok, EH Bildu osatzen dugun milaka eta milaka gizon-emakumeak ez gara perfektuak baina egunetik egunera hobeak izaten saiatzen gara, ez dugu guztia ongi egiten, baina egindako akatsetatik ikasten saiatzen gara, ez daukagu herritarren arazo guztiak konpontzeko formula magikorik, aspaldi ikasiak baikara soilik bere burua behar bezala antolatzen duen herriak konpondu ditzakeela bere arazoak. Sinpleki lagunak, helburu justu baten alde borrokan ari garen bolondresak gara! Gure Euskal Herri zaharraren bake, askatasun eta berdintasunaren aldeko boluntarioak. Baina baita esan dezagun ozen eta garbi, egoera politikoa errotik aldatu eta gure herriarentzat aukeraz beteriko eszenatoki bat eraikitzeko gauza izan garen boluntarioak.
Orain arte erdietsitako lorpenak sendotu, galdutako lur-eremuak berreskuratu eta ekimen politikoa azkartzea dagokigu, zertarako eta Euskal Herria espainiar Estatuko elite ekonomiko eta politikoa kezken erdigunean jartzeko/kokatzeko. Hain zuzen zuen, herriaren babesik handiena behar dugu, Askapen Prozesuari jauzi kualitatibo berri bat eman ahal izateko.
Hala bada, Bakearen, Askatasunaren eta Berdintasunaren etsaiei (eta beraien konpartsei) begietara begiratu eta hondokoa esateko ordua da; Independentistak gara, Sozialistak gara, Euskaldunak gara, ez dizuegu baimenik eskatuko eta ez dugu etsiko gure helburua guztiak lortu arte. Bada datorren 24an utz diezaiogun argi. Eta ez ahaztu, ez galdu sekula irria... tristeak izateko nahikoak dira beraiek.