KORRIKA ekimenak duen arrakasta goraipatu nahi dugu, lehenik eta behin. Guztiz errotuta dagoen euskararen aldeko ekintza da. Zenbat lan, zenbat ahalegin euskararen aldeko mezua euskal herritar guztiengana helarazteko. Lan honi esker, eta, oro har, euskalgintzak, egindako lanari esker dago gaur egun euskara dagoen tokian.
Baina bide horretan, urrats berriak eginez jarraitu beharra dago. Izan ere, orain arteko hizkuntza politikek ez dute balio izan euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna lortzeko. Kasurik onenean ere intentsitate gutxiko politikak dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitikoa. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako. Izan ere euskararen normalizazioaz ari garenean honako hau ulertzen dugu: Euskal Herriko herritar guztiontzat, eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea.
http://onati.ehbildu.eus/2015/03/23/eh-bildurekin-korrika/
EH Bildurekin OÑATI EuskAHALdun!!!