Fisikaren aldetik begiratuz gero, erreferentzia bat behar dugu distantzia kalkulatzeko; horrenbestez, distantzia aldatu egingo da erreferentzia aldatuz gero. Hitzekin ere neurtu daiteke: gertu, urrin, bertan, Pikunitxan... kasu honetan, pertzepzio bat da, eta oso subjektiboa askotan. Aldi berean, egoerak baldintza dezake: 100 kilometro egitea asteburu-pasa baterako bidaia atsegin bat izan daiteke; egunerokoan lanera joateko, ordea, distantzia amaigabea.
Badira pertsonak ondoan jarrita egonagatik hiru galaxiatara daudela sentitzen dituzunak; beste batzuk, aldiz, alboan daude, 709 kilometrora badaude ere.
Egungo teknologiak antipodetan dauden bi pertsona konekta ditzake, ia-ia bestearen etxean sar gaitezke zuzenean bideo dei baten bidez; hala ere, tamalez, alboan dugunarengandik aldentzen gaitu maiz, sakelako telefono barruan distantziarik gabeko mundu bat kabitzen baita. Onerako eta txarrerako. Gaur, 2 ordu eta 34 minutuko distantzia hartu dut errealitatetik.