Definizio borobila. Opariak egin eta jasotzea gauza ederra izan daiteke, norbait zutaz oroitu den seinale. Egun jakinak ezarri ditugu, baina, opari horiek jasotzeko: data seinalatuak, urtebetetzeak edota, nola ez, Gabonak.
Merkantilizatu egin dugu oparia, eta erori gara kontsumismoaren zulora. Urriko turroi kanpainatik hasi eta jostailu zein perfume iragarki perfektuetara, irudi idiliko bat jarri dugu begien aurrean, lortzeko helburu bat. Urtean-urtean opari gehiago edo garestiagoa edo ikusgarriagoa jaso zein egiteko joera. Eta ez dut gustuko, ez dut horren parte izan nahi. Baina ni ere barruan naiz, gurpilean bueltaka, arnas bila.
Ez da erreflexio berria gaur hemen eginikoa, ezta originala ere, baina badirudi ahaztu egin dugula zer den benetako oparia. Klixea badirudi ere, badakit zer nahi dudan: osasuna, eta gertukoak maitasunez, adiskidetasunez eta esker onez gozatzeko aukera.