Europar Batasunaren balioen krisia

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Alonso 2023ko ots. 12a, 00:00

2023ko otsailaren 6ko gauean, 7,8 graduko lurrikara batek Turkia eta Siria kaltetu zituen, eta ordu batzuk geroagoko lurrikarek are suntsipen handiagoa eragin zuten.

Komunikabideak berehala hasi ziren gertatutakoaren irudiak partekatzen: birrindutako etxebizitzen, azpian harrapatutako pertsonen eta desagertutako familiarren zain zeudenen irudiak. Hildakoen kopuruak gora egin du etengabe, eta OMEk dioenez: "Zoritxarrez, gauza bera ikusten dugu lurrikara guztietan, hildako edo zauritutako pertsonen hasierako kopuruak nabarmen egingo du gora aste honetan zehar".

Egoera horren aurrean, Europar Batasunak ez du zalantzarik izan Turkiarekin eta Siriarekin elkarlanean aritzeko giza hondamendiaren eta hondamendi sismikoaren aurkako borrokan. EBk berehala erantzun du, bilaketa- eta salbamendu-taldeak eskainiz eta Copernicus satelite-sistema aktibatuz, larrialdiko kartografia-zerbitzuak emateko helburuarekin.

Hala ere, estatukideen arteko elkartasun-printzipio hori ez da hain nabarmena gure mugetara gerratik ihes egiten duten siriarrak heltzen direnean. Siriako gerra jadanik hedabideetan apenas azaleratzen ez den arren, milaka pertsonak beren herrialdeak atzean uzten jarraitzen dute, nazioarteko zuzenbideak jasotzen duen babesa eskaintzen dien estatu batera iritsi nahian. Hala ere, EBk pertsona horiei sarrera erraztu beharrean, beroan egindako itzulketak eta halako praktikak eramaten ditu aurrera, bere erantzukizuna kanpora ateraz, Turkiarekin 2016an egindako akordioaren antzera, Europar Batasunaren sorrera ekarri zuten balioak zalantzan utzita. Akordio horren bidez, non-refoulement printzipioaren urraketa zuritzeaz gain, Turkiak hirugarren herrialde seguru gisa duen presuntzioa ere hartzen da oinarri, EBk berak aldez aurretik ezarritako irizpideetako bat ere betetzen ez badu ere. 2016an errefuxiatu siriarren etorrera masiboaren ondorioz sinatutako akordio hori, beste hitzemate batzuen artean, 6.000 milioi euroren truke egin zen, EBk Turkiari emango liokeen dirua pertsona hauen eskubideak urratuko liratekeela jakinda ere, haien bizitzak arriskuan jartzeraino.

EBk, akordio honekin eta beste batzuekin, prezioa jarri die milaka bizitzari. Beraz, ez gaude errefuxiatuen krisi baten aurrean, EBko balioen krisi baten aurrean baizik. Ikusi beharko da zein jarrera hartzen duen Europar Batasunak Turkiak eta Siriak lehen orrialdeko berria izateari uzten diotenean.

----------

Olaia Alonso

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak