Amnesia kolektiboa

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vitoria 2021ko urr. 24a, 00:00

Faltan botatzen ditut prentsako efemerideak edo artikulu kuttunenak gordetzen nituen garaiak. Apalean hautsa hartzeaz gain, memoria freskatzeko eta iragana gurera ekartzeko baliagarriak egiten zitzaizkidan. Urteak dira, baina, egunkariei darien usaina alboratu eta pantailen hoztasuna hautatu genuenetik. Albisteei iraungitze data jarri genienetik.

Amnesia kolektibo batean bizi gara, oro har. Goizean albiste dena gauean solasaldirako motibo ere ez da. Berehalakoak besterik ez du axola. Are gehiago, memoriaz, barkamenez eta minaz hainbeste hitz egiten den garaiotan. Militante abertzaleen aurkako bonba-gutunen bidalketaren atzean Corcuera ministro ohia zegoela, PSOEk ikerketa oztopatu duela, Rafael Verak prime time-an GALi gorazarre egin diola, torturatzaile bati domina eman diotela edota Estatuari ez dagokiola GALengatik barkamena eskatzea.

Azken asteko titularrak dira guztiak, ziurrenik oharkabean pasa zaizkizunak; antza, botere mediatikoen arretarik merezi ez dutelako. Lezio demokratikoak eman eta besteen pausoak desitxuratzen dituztenek hobe lukete hemeroteka ariketa zintzoa egingo balute, sikiera, asaldatu aurretik. Denona delako kontakizun kolektibo eta inklusiboa osatzeko ardura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak