Ezusteko gaixotasun larri eta bortitz batek eraman zuen. Aita dotorea genuen oso! Maitatua etxean, familian, herrian, lagun artean...
Eredugarria izan zen bere agurra, bizitza ospatuz eta heriotzari aurre egiteko ausardiaz.
Ingurukoak lur jota egon arren, gure aitak ez zuen irribarrea galdu azken momentura arte.
Lerro hauek idatzi nahi ditugu bidea xamurtu diguzuen guztioi eskerrak emateko:
Hasteko, barne medikuntzako talde osoari, diagnostikoaren hasierako egun zailetan goxotasunez zaindu gintuzuelako; eta etxean azken bi asteetan zaintza erraztu zuten etxez etxeko ospitalizazioko lankide apartei, zer esanik ez.
Aitor de Juan, Iñaki Peña eta Itziar Lasa lagun eta lankideei, beti ondoan egon eta sentitzeagatik.
Azkenik, aipamen berezia egin nahi diogu Martin Aperribairi eta Jose Luis erradiologiako erizainari, une oro gertutasunez, profesionaltasunez eta hitz onez hartu gintuzuelako.
Orain, dolua eta hutsunea kudeatzeko denbora da, baina ibilbide honetan lagun zaituztegun guztioi esker bidea goxoagoa eta leunagoa izango dela ziur gaude.
Gure aitaren azkenengo egunetako zaintza maitasunez, duintasunez eta etxean, bere nahia betez, izatea opari bat izan da.
Egun handira arte, aita!
----------
Oihana Ezkurra
Ezkurra-Galdos familiaren izenean
Arrasate