Iritziak iritzi

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Ameskua 2024ko ots. 10a, 00:00

Nire ustez du izena GOIENA aldizkariko leiho honek.

Izenak iradokitzen du espazio honen izana; hitz gutxitan, mila karakterek hartzen duten luzeran, iritzia emateko tartea da honako hau. Erraz eta arin egiten dute hori askok; iritzia ematea, alegia. Niri, ordea, kosta egiten zait. Sentimendu anakroniko samarra pizten zait horretaz eta hartaz nire usteak plazaratzean. Sare sozial digitaletan, lagunarteko elkarrizketetan edota familia bazkarietan, iritzi emaile konpultsibo bilakatzen gara... Eta halere, erreparo puntu bat ematen du hori bera modu kontzientean egiteak.

Greziarrentzat iritzia doxa zen, maila eskaseko ezagutza. Platonen arabera, haitzuloan gatibu direnek hormako itzalak baino ez dituzte ikusten eta hura errealitate bakarra dela uste dute. Iluntasunean erdi itsu dabilena doxa-n oinarritzen du bere munduko ezagutza. Doxa eta dogma gertu dauden hitzak dira. Lehenengoa bigarrena bilakatu ez dadin, iritzia ematea haitzulo barruko itzalak harrapatzeko eta ulertzen saiatzeko jolasa baino ez dela gogoraraziko diot neure buruari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak