Lehen uzta jaso dugu, baina benetako fruitua prozesuan ikasitako guztia da. Erromatarrek bazekiten nekazaritza jakinduriaren eta askatasunaren sinonimoa zela. Gaur, algoritmoek gure arreta gidatzen duten garaian, irakaspen hura inoiz baino baliotsuagoa da.
Lurra lantzeak pazientzia eskatzen du. Naturaren erritmoak errespetatzen irakasten du, emaitzak ezin direla berehala lortu ulertzen. Irakurtzen, galdetzen, elkarrekin erabakitzen, huts egiten eta berriro hasten ikasten da ortuan.
Paradoxikoa da inoiz baino aurreratuagotzat jotzen dugula geure burua, biziraupenerako oinarrizko irakaspenak ahazten ditugun bitartean: lurraren prozesuak ulertu beharrean, indarrean gure beharretara diseinatu nahi ditugu. Horrek agerian uzten du zein urrun bizi garen lurretik, eta zein espezie zaurgarria garen. Elikadura-burujabetza, beraz, etorkizun sendoago eta autonomoago baten oinarria beharko luke izan.
Gero eta digitalagoa den mundu honetan, etorkizuna ez da teknologia berrien bidez bakarrik eraikiko; lurra ulertzeko eta zaintzeko dugun gaitasunak erakutsiko digu bidea.