Ordu aldaketa, berriz, urteko hurrengo paragrafoa idazten hasteko une egokia izaten da: terrazetako aulkiak gorde, jaka potoloenak armairutik atera eta gaua, presaka, ate joka datorkigu. Arratsaldeak laburtzen direnean, kaleak isiltzen dira; farolak piztu, eta jendeak, abereek eguna amaitzean ukuilura egiten duten gisan, etxerako bidea hartzen du. Hala ere, badu xarma puntu bat denboraldi honek: beste erritmo bat proposatzen digu, pausatuagoa eta isilagoa. Arnasa hartzeko gonbita dirudi. Baina ez dakit guk arnasa hartzen dugun, edo, kontrara, egunak laburtzean, gu geu ere estutzen garen. Ez da kasualitatea urteko garai honetan plan gehiago bertan behera geratzea, kalean hitz gutxirekin agurtzea edo goizago oheratzea.
Gure energia soziala behera dator, egunak bezala. Agian, horregatik kosta egiten zaigu ordu aldaketa onartzea: ez delako erlojuaren orratza atzera biratzea bakarrik, baizik eta bizitza apur bat moteltzea. Eta hori, gaur egungo abiaduran, ia iraultza txiki bat da.