Urte berria, asmo berriak, gezur berriak. Zaharrak berri. Arropa erosoenak, egundoko aurikularrak eta tresneriarik txundigarriena erosten ditugu. Beharra eta nahia bereizten ez dakigun seinale. Zurrunbilo horretan harrapatu gaituzte gehienok. Ur zulora zuzenean, zerua eskaintzen dizuten bitartean.
Azkenaldian, jendetza dabil gimnasioan. Askori ez zaie aurpegian entrenatzeko gehiegizko gogorik ikusten. Euren habitatetik kanpo egongo balira bezala. Halako batean, mugikorretik bere aurikular txundigarrietan musika jartzen ari zela, hauxe galdetu nion: "Gustatzen zaizu egiten ari zarena?" Berak, ezezko biribila. Emandako erantzunaz hausnartu, eta "hainbeste jende etortzeko, ona izan beharko du" gehitu zuen. Hori bilakatu da egungo gizartea: artalde. Denak artzainari jarraiki, ezer zalantzan jarri gabe.
Eta abiapuntura itzuliz, irteera bakarra dago kontsumo inpultsiboari aurka egiteko: uko egitea. Norberaren kontrolak dakar askatasuna, saretik irteteko modu bakarra da, nahiz eta horretarako korronte bortitzen aurka igeri egin behar den.