Birus berriak eragindako egoera berezian, gurasoak nahiko bakarrik aurkitu gara, tribu zabalaren sostengurik gabe, gurasotasuna beste hainbat funtziorekin bateragarri egin beharrean eta, esango nuke, gure espeziea kalitatez zaintzeko jakintza nahikorik gabe. Izan ere, tituluak nagusi diren garaian, ez dugu inolako ikasketa antolaturik ogibiderik zaharren, luzeen eta funtsezkoenetako baterako prestatzeko. Eskain diezaiogun dagokion denbora eta zentraltasuna gurasotasun kontziente, konpetente eta koherentea garatzeari. Horretarako, agian, gurasoentzat eskolak sortu beharko genituzke haur-eskolen ordez.