Gauzak horrela, eta azken aste hauei bueltatxo bat emanez, nire bizitza beste prisma batetik begiratzearen esfortzua egin dut eta hona nire ispiluak islatu didana. Bizitza ez da lan egitea soilik eta etxera heltzerakoan afaria hartu eta ohera joatea... nire familiarekin hitz egitea eta nire alaba nagusiaren beldurrak eta barreak entzutea da –14 urte ditu–. Bizitza ez da arazo bat bestearen atzetik edukitzea –gehienetan, presak arazo txikiak kristorenak egiten baititu–, baizik eta gauzei behar duten neurria eta denbora ematea. Bizitza irakurtzea da, musika entzutea, barre batzuk egitea, 20:00etan balkoira ateratzea eskerrak emateko, nire semeekin jolastea, nire bikotearekin pastel bat egitea, nire buruarekin elkarrizketa serio bat edukitzea... hori da bizitza.
Beraz, nahiz eta egoera gaiztoa izan, nahiz eta negar malkoak agertu izana joan direnengatik... beste bizitza bat posiblea da; zaindu zaitezte eta etxean egotearen alde polita atera dezazuen espero dut bihotzez. Eta gaur, inoiz baino gehiago... osasuna!