"Gehiago hobe?"

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxebarria 2011ko abe. 13a, 16:00

Horaciok Arrasateko ataleko iritzian esan zigunak poza ekarri dit, benetako poza.

Mezu baikorrak gustatzen zaizkit eta negu gordinean egonda ere, soinua atera eta esperantzaz beteko gaituen doinua aterako duenik ez zaigu falta.

Beldurrez bete gaituzte; dena galdu beharrean gaudela eta zerbait egin behar dugula entzun dugu. Dena den, hartzen ari diren neurriekin, betikoek gerrikoa estutu eta boteretsuek boterea pilatzen jarraitzen dute. Noiz arte horrela?

Aurreko belaunaldiak baino txarrago biziko garela askotan entzun dut, baina denontzat nahiko ondo bizitzeko baliabideak daudela uste dut. Urte gehiegi dira hazkundearen beharra lelotzat hartuta, gehiago eta gehiago behar dugula sinistuta gaudela: zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta hobeto bizi garela, nork bere etxe eta kotxea behar ditugula, etxe bakoitzean bi edo hiru kotxe bat baino hobeto, urtero arropa aldatu behar dugula eta berria izan behar dela… Zertarako hainbeste?

Guk baino gutxiago daukanaren aurrean lotsa sentitzeko gaitasuna galdu dugu; bakoitzak daukaguna norberak irabazia dela eta gurea izateko eskubide osoa daukagun ustea sendoa da; mundua, dena den, ez da mugagabea eta hori onartu beharra daukagu.

Denontzat ez dago hainbeste eta dagoena hobeto banatu beharra dago. Gutxiagorekin bizi eta ez daukanarekin elkarbanatzeko prest ez bagaude, ezer ez daukatenen artean amaitzeko arriskua gero eta handiagoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak