Arrain kontserba enpresa handien aginduak beteaz, arraina non, gure ontziak han dabiltza: Indiako ozeanoan, Txile eta Argentina parean…Toki arriskutsuetan dabiltzala ikusi eta irakurri dugu sarri, batez ere Somalia parean dabiltzalako; baina badakigu nazioarteko uretan (inoren uretan) arrantzan ari direna teknologia aurreratuenekin? Arrainak kostaldera hurbildu aurretik, satelite bidezko abisuekin, sareetan nola bildu ikasi dute. Eta horren ondorioak dira inguruko lurraldeetako arrantzaleentzat gero eta arrain gutxiago eta arrain horiek jaten dituzten animaliek (fokak…) gero eta jateko gutxiago.
Bestetik, inguruko enpresa askok, munduko hainbat herrialdetan esperientzia berriak hasi dituzte. Nazioarteratze helburuen atzetik, baina, beste helburu batzuk ere betetzen ari gara. Baina zein da helburu garrantzitsuena? Ez ote da izango, piraten antzera, dagoen lekutik ahal den aberastasun gehien ekarri nahian gabiltzala?
Euskal Herriko egoera berriak, guzti honen gainean esperantza piztuta mantentzen laguntzen dit. Laster, euskaldunok gure eskubideak aldarrikatu eta lortzeko bidea izango dugu, eta horren harira munduan barreiaturik dagoen diru gose eta besteen gainetik egon nahiaren grina alde batera utzi eta herri bezala desberdinak garela aldarrikatu ahal izango dugunaren esperantza daukat. Hori bai litzatekeela benetan independenteak izatea.