Nik, behintzat, atxabaltar eta ez atxabaltarren arteko muga garbi daukat.
Lau urte kanpoan egin arren, bueltan etortzean ez dut kanpotar edo heldu berriaren sentsaziorik izan, ni betiko atxabaltarra bainaiz: hemen jaioa naiz eta atxabaltarra izateaz harro nago.
Aldi berean kalean ikusten ditudan pertsonak bi talde horietako baten sartzen ditut, joan aurretik egiten nuen bezalaxe. Ez dit axola zenbat denbora daraman pertsona batek hemen bizitzen edo zein den bere jarrera edo nondik etorritakoa den bera. "Ez dut betidanik hemen ikusi eta ez da atxabaltarra", esaten diot neure buruari.
Dena den, zerbait aldatzen ari da nire barruan. Azkenaldian, kanpotik etorri den bati baino gehiagori entzun diot "nik atxabaltar izan nahi dut" esaten. Norbaitek kontrakoa esango dit igual, baina atxabaltar izan nahiaren eskubidea ez onartzea ez da jarrera ona.
Atxabaltan bizi den edozein pertsonak dauka atxabaltar sentitzeko eskubidea, ez? Ez al nintzateke beste modu baten hurbilduko Atxabaltan bizi den ororengana, atxabaltartzat hartuko banu? Inoiz lortuko ote dut hori?