Bestelako gehienei, askori eta askori, antzeko nota eman dietela adierazi dute –demagun, zero barik, 1, 2 edo 3 atera dutela–. Ondorioz, noten banaketa orokorrean apenas gertatu da aldaketarik.
Aurreko asteetan gai horren inguruan medio askotan izandako zalaparta eta trataera egin zait niri adierazgarria; izan ere, ikasle horien euskara maila eta euskal literaturaz dakitena egokia eta nahikoa den zalantzan jarri beharrean, eta kezka erakutsi beharrean, berehala azterketaren egokitasuna edota aztertzaileen lana jarri zen jo-puntuan –Nola, bada, hain nota txarra? Hori ezinezkoa da! Hor egon da zerbait gaizki antolatuta! Akatsa izan behar du, nola bestela!–.
Eta orain, berrikusketaren ondoren zero horiek guztiak egokiak zirela ikusi denean, non daude, bada, emaitzen inguruko hausnarketak medio horien ingurutik? Lotsagorritu al dira eta horregatik orain isilik? Zer esan nahi du honek guztiak?
Egiari zor, niri kezka hazi egin zait, lehendik nahikoa ez baneuka bezala! Zelako mailarekin irteten dira hainbat ikasle batxilergotik? Nola da posible ikasturtea gainditzea eta gero Euskara azterketan 3 puntutik behera ateratzea? Zertan ari gara? Zer ezkutatzen?
Argi geratu dena da nota izugarri txar horiek atera dituzten gehienak A ereduan aritu diren ikasleak izan direla, eta horrek argi uzten du, aspaldian aditu gehienek dioten bezala, eredu horrek ez duela euskalduntzen. Eta, legez, gure hezkuntza prozesutik bi hizkuntza ofizialetan egoki prestatuta eta bietan egoki komunikatzeko mailarekin eta gaitasunarekin irten behar dute. Eta hori lortzeko errefortzuak, edo dena delakoak, behar badira, jarri egin beharko dira.
Eta horrela ez bada, nori jarri behar zaio zero? A ereduari, agian? Hizkuntza politikari?