Ikusi dut Karmele, baina nire begietan amama Bisi zen; eta ikusi ditut bidean ihesi, Bilbo aldera, Soraluzen faxistak sartzekotan zirenean. Eta han zeuden gure tio Juan Luis, ama Anamari, tia Maritere eta tia Maria Felisa ere, umemokoak izanik, maletatxoak eskuan, dena lagata.
Eta gero, han ikusi ditut, txandan, jateko apurren zain, eta bonbardaketetan babesleku bila sirenaren oihua entzun orduko. Eta ikusi ditut portura joaten, Frantzia aldera ihes egiteko, "itsasontzi baten Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora".
Eta ikusi ditut atzerrian, baina Venezuelan bizimodu nahiko erosoan baino, Frantzian zehar batetik bestera luzaroan, ezer barik, klase baxuagokoen estilora. Eta ikusi ditut denak Lloret de Marren, hainbat etxetan bananduta, herrira etorri ezinik, solidaritateari esker bizirik irauten.
Eta ikusi ditut Lloretetik etortzen Soraluzera eta etxea hutsik topatzen, eta tia Gertrudis, amamaren ahizpa, auzotar batzuen etxera joaten bisitan edo, eta bere ohea han ikusten –ez pianoa, jakina!– eta esaten: "Hori gure ohea da!". Eta koltxoia jaso eta berak aurrez esandako lekuan zeukan marka ikusten; eta, tematuta, ohea hartu eta etxera eraman arte tinko zutik.
Eta ikusi dut, gero, aitita Agustin ezin lanik eginda, ez paperik, ez eskubiderik, ez duintasunik; azkenean, lanerako baimen berezi bat eman zioten arte, mesede gisa, familia ugaria zelako. Eta agiri hori gordeta daukat; amamak eta amak gorde zutelako.
Baina, horrekin batera, amama Bisi eta ama Anamari ikusi ditut horiek guztiak niri kontatzen, beldurrak beldur eta amorruak amorru, egiaren transmisioa egiten. Eta Karmele pelikulako gehienak bezala, euskaraz ahal zen guztietan berbetan, debekuak debeku, egiaren eta hizkuntzaren transmisioa egiten.
Eskerrik asko, Kixi, gure familiaren historia ere kontatzeagatik, eta gogorarazteagatik inoiz imajinatuko nukeen baino hobeto. Mundiala izan da!